„V noci jsem snil, že jsem motýlem, a teď nevím, zda jsem člověkem, který snil, že je motýlem, nebo zda jsem motýlem, kterému se zdá, že je člověkem“

Printze Txikia

Kategorie
11. Březen 2008
LEON WERTH-i
PARKAMENA eskatzen dizuet zuei haurroi liburu hau pertsona nagusi bati eskaini diodalako. Hala ere, aitzakirik ba dudala uste dut. Lehenik: Munduan ene adiskiderik handiena baita. Bigarrenik: adiskide nagusi horrek dena ulertzen baitu, zuentzat, haurrentzat egindako liburuak ere. Hirugarrenik: Frantzian bizi denez, gose eta hotz da. Eta kontsolatzeko beharra du.
Aitzaki guzti hauek ez balira aski -pertsona nagusi hori izan bide delako noizpait txiki- noizpait mutil koxkor izan zenari berari eskainiko diot hau liburuau. Guztiok lehenik haur izan garelako... gero koxkortzeko, -inor gutxi oroitzen da horretaz-. Zuzen dezadan beraz neure eskaintza.
EON WERTH-i, HAUR IZAN ZENARI.
I
Lamina
Behin, sei urte nuelarik, basa-ohianaz "histoires vécues" zeritzan liburuan, guziz eder zen iduri bat ikusi nuen. Boa-suge batek basa-pizti bat irensten zuela zen ageri. Hona hemen marrazkiaren kopia.
Liburuak zioen: "Boa-sugeek beren harrapakinak oso osorik irensten dituzte mastikatu gabe. Ondoren ezin daitezke gehiago mugi eta sei hilabetez lo egiten dute digestioa bururatu arte".
Orduan luzaz pentsatu nuen ohianetako gertakizunotaz eta kolorezko arkatz batez neronek lortu nuen nere lehen marrazki egitea. Nere marrazki numero I:
Numero 1 marrazkia
Nere artelan bikaina pertsona nagusiei irakutsi nien, eta galdetu ere ia beldurtzen zituen ala ez.
Zera erantzun zidaten: "Zergatik sonbrero horrek beldurtu egingo gintuzke?".
Nere marrazkiaz ez zuen sonbrerorik erakusten. Boa sugeak bere barnean elefante bat dijestioan zeukala erakusten zuen.
Orduan, pertsona nagusiek uler ahal zezaten, boa sugearen barrua marraztu egin nuen. Beti explikazioak behar dituzte pertsona nagusiek, beti! Marrazki numero 2 horrelakoa zen:
Marrazki numero 2
Pertsona nagusiek, bai boa suge irekien eta itxien marrazkiak bazterrera uztearen aholkua eman zidaten, hobe nuela geografia, historia, kalkulua eta gramatikari arreta handiagoz ekitea esanez. Halaxe, sei urte nuenean marrazkilari karrera ospetsua utzi nuen. Nere marrazkien arrakasta ikusiz guziz dezepzionaturik gelditu nintzen. Pertsona nagusiek berez, ez dute inoiz ezer ulertzen, eta beti eta beti azalpenak ematea nekagarri da haurrentzat.
Gauzak hala, beste bizibide bat bilatu behar eta hegazkinak gidatzen ikasi nuen. Handik hemenka hegaz egin nuen munduan zehar. Geografia, egia esan, oso baliagarri izan zitzaidan. Lehen begiradaz ba nekien Txina eta Arizona ez zirela gauza bera. Oso baliagarri da, gauez eta galdurik bagaude batez ere.
Horrela ene bizian harreman pilo bat eduki nuen anitz jende seriosekin. Pertsona nagusiekin luzaro bizi izan nintzen. Hurbildik ikusi ditut. Horrek ez du nere iritzia sobera hobetu.
Nere irudiko pertsona argitsu bat aurkitzen nuenean, gorderik neukan marrazki numero 1-en experientza egiten nuen. Benetan pertsona ulerkor zenez jakin nahi nuen. Bainan beti erantzun bera: "Hori sonbreru bat da". Ez nion orduan ez boa sugeez, ez basa ohianaz hitz egiten eta gorbatez mintzatzen nintzaion. Bai eta pertsona nagusia pozik gelditzen zen hain gizon jator eta zentzuko ezagutzean.
II
Horrela, bakar bakarrik bizi nintzen, inorekin ere benetako harremanik eduki gabe, orain dela sei urte Saharako basamortuan aberia bat izan arte. Zerbait hautsia zen ene motorrean. Nik ez bait nuen ez mekanikorik, ez pasajerorik, ni neu bakar bakarrik erreparazio zail bat konpontzen saiatu nintzen. Hil ala biziko arazoa zen neretzat. Ba nuen edateko urik zortzi egunetarako, ez besterik.
Lehendabiziko gauean, ondarraren gainean lokartu nintzen mundu ezagunetik mila kilometrotara. Itsasoaren erdian naufrago bat baino bakartiago nintzen ni! Pentsa ezazue orduan zer nolako ustekabea egunsentian abots arraro eta txiki batek iratzarri ninduenean! Zera ziostan:
- Marraz iezadazu arkume bat mesedez!
- Zer!
- Marraz iezadazu arkume bat...
Printze txikia
Bat batean tximistak joa bezala zutitu nintzen. Nere begiak igurtzi eta ongi begiratu nuen. Eta arreta haundiz neri begira zegoen gizontto aparteko bat ikusi nuen. Horra hor geroxeago lortu nuen bere erretraturik onena. Hala ere, esan beharrik ez, ene marrazkia modeloa baino itsusiago zen noski.
Ez da nere errua ez. Ene marrazkilari karrera, pertsona nagusien kulpaz utzi nuen sei urte nuelarik eta boa irekiak eta boa itxiak izan ezik ez nuen besterik marrazten ikasi. Harriduraz begiak borobil nituela begiratu nintzaion. Ez ahantz, edozein bizitokitatik mila milatara aurkitzen nintzela! Hala ere, ene gizonttoak ez zirudien biziki galdurik zegoenik, ez eta nekaduraz, gozez, egarriz, ez eta beldurrez hilik ere. Harek ez zeukan ezertan ere, edozein bizitokitatik mila milatara basamortuaren erdian haur galdu baten itxurarik.
Azkenean galdetu nion:
- Bainan zer habil hemen?
Orduan emeki oso gauza seriosa bailitzan berresan zidan:
- Marraz iezadazu arkume bat... arren!...
Misterioa harrigarriegi denean ez gara ezetz esatera ausartzen. Nahiz eta burugabekeria galanta iruditu, edonongo bizilekutatik mila milatara hiltzeko arriskutan egonik, hala ere, nere poltsikotik paper orri bat eta arkatza atera nituen. Orduan, geografia, historia, kalkuloa eta gramatika ikasi nituela batez ere gogoratu nintzen eta (umore txar apur batez) esan nion gizonttoari marrazten ez nekiela nik.
Zera erantzun zidan:
- Berdin zait, marraz iezadazu arkume bat.
Arkumerik sekulan marraztu ez nuenez, nik ezagutzen nituen bi marrazkietarik bat berregin nuen harentzat, boa itxiarena hain xuxen.
Harriturik geratu nintzen gizonttoak esan zidana entzutean:
- Ez! Ez! Nik ez dut boaren barnean elefanterik nahi. Boa sugea guziz arriskutsua da eta elefantea aldiz handiegi da. Nire etxean dena zeharo ttikia da. Arkume bat behar dut nik. Marraz iezadazu arkume bat.
Arkume 1
Egin, egin nuen orduan.
Arreta haundiz begiratu zuen gizonttoak. Eta gero:
- Ez. Arkume hori gaixorik dago iadanik. Egin ezazu beste bat.
Arkume 2
Halaxe egin nuen. Ene lagunak irrifarrez baina borondate onez zera esan zidan:
- Hori ez da arkumea hori aharia da...Adarrak ba ditu. Ikusten duzu ez?...
Orduan berregin nuen neure marrazkia.
Bainan aurrekoa bezala, ez zen onartua izan:
Arkume 3
- Zaharregi da hori, luzaz biziko den arkumea nahi dut nik.
Nere motorra desmontatzeko presaka nengoenez, pazientzia ia galdurik, honoko hau zirrimarratu nion:
Arkume 4
-Hor duzu kutxa. Zuk nahi duzun arkumea barnean dago.
Erabat harriturik geratu nintzen nere epaile gaztearen aurpegia argitu egin zelarik:
- Hauxe da nik nahi nuena hauxe! Arkume honek belar asko beharko duela uste al duzu?
- Zergatik bada?
- Ze... nere etxea guziz ttikia da eta...
- Nahikoa izango da seguraski. Arkume guziz txiki bat egin dizut.
Burua marrazkira makurtu zuen:
- Ez da hain txikia ere... Horra! Loak hartu du.
Eta horrelaxe Printze Tipia ezagutu egin nuen.
III
Printze txikia
Denbora luzea behar izan nuen, nondik zetorren ulertzeko. Galdera anitz egin ohi zidan Printze tipiak baina ez zirudien nireak aditzen zituenik. Kasualitatez esandako hitz bakar batzuk dira, bai, pixkanaka pixkanaka den-dena ezagutarazi zidatenak. Nire abioia lehendabiziko aldiz somatu zuenean (ez dut nere abioiaren marrazkia egingo, nere ustez zailegia da eta) galdegin zidan:
- Zer arraio da gauza hori?
- Ez da gauza bat. Hegaz egiten du; abioi bat da. Nere abioia.
Harro harro nintzen ni, hegaz egiten nuela esan nionean.
Harek ohiukatu zuen orduan:
- Nola? Zeru gainetik erori zara ala?
- Bai, esan nion humilki
- Ah! Bitxi da hori...
Eta printze tipiak egin zuen parrak ez ninduen batere poztu. Nere zorigaitzak serioski hartuak izan daitezen nahi nuke nik.
- Beraz, zu ere zerutik zatoz! Zein planetatakoa zara zu?
Bere izatearen misterio beltzean berehala distira bat somatu nuen, eta bat-batean galde egin nion:
- Beste planetaren batetik zatoz zu beraz?
Ez zidan erantzun. Nere abioiari ongi begiratuz, burua mugitzen zuen eztiki:
- Egia da, horren gainean ez zaitezkela biziki urrutitik etor.
Eta denbora luzez iraun zuten ametsetan murgildu zen.
Gero, nere arkumea sakelatik atera zuen eta bere altxorrari begira gelditu zen.
Errexki pentsa dezakezue "beste planetataz" esan erdi horrek zenbat kezkatzen ninduen. Ahaleginak egiten nituen gehiago jakiteko:
- Nondik zatoz zu gizontto hori? Non duzu etxea? Nora nahi duzu eraman nere arkumea? Gogoeta itxila egin eta, erantzun zidan:
- Zuk eman didazun kutxaren onena zera da: gauez etxe gisa baliatuko duela.
- Jakina, eta gisakoa baldin bazara, egunez lot dezazun lokarri bat ere emango dizut. Eta tantoi bat.
Ene proposamena ez zitzaion oso ondo iruditu printze tipiari:
- Hura lotzea, ez da pentsatu ere!
- Bainan lotzen ez baduzu noranahi joango da eta bertan galdu egingo da...
Eta nere lagunak berriz parre egin zuen:
- Bainan nora nahi duzu joan dadin?
- Edonora, zuzen eta artez, beti aurrera.
Printze tipiak orduan serioski esan zuen:
- Ez hortaz axolarik, hain da txikia neure etxea!
Eta tristuraz edo, gaineratu zuen:
-Aurrera zuzen eta artez ezin daiteke oso urruti joan...
IV
Printze txikia bere B612 asteroidean
Orduan garrantzi handiko bigarren gauza bat ikasi nuen: haren jatorrizko planeta apenas zela etxe bat baino haundiaoa. Horrek ez ninduen gehiegi harritzen.
Nik jakin, ba nekien, Lurra, Jupiter, Marte, Artizar eta horrelako planeta izenadun ezezik teleskopioz ere nekez ikus zitekeen beste ehundaka planeta txiki ba zela.
Asteroidearen aurkikuntza
Astronomoaren batek haietako bat aurkitzen duelarik, "izen" gisa numero bat ematen dio. "3251 asteroidea" deitzen dio adibidez.
Printze tipiaren planeta 612 B asteroidea zela esateko arrazoinak ba ditut nik. Astronomo turko batek 1909garren urtean teleskopioz ikusi zuen behin bakarrik asteroide hau.
Nazioarteko Astronomia biltzar batetan astronomo turkoak bere aurkikundearen berri eman zuen ezagutzera. Bainan nehork ez zion sinistu, bere jantziak bitxi bitxiak zirelako. Nolakoak dira, pertsona nagusiak!
Gaizki jantzitako astronomoa
Eskerrak, 612 B asteroidearen onerako. Turkiako diktadore batek hil zigorpean behartu zituela turkiarrak Europako erara jantzi zitezen. 1920 garren urtean gure astronomoak Europan bezala jantzirik berraurkeztu zuen bere teoria. Denek sinistu zioten orduan.
Ondo jantzitako astronomoa
B 612 asteroidearen zehaztasun guzi hauek, eta haren numeroa ere eman badizkizuet, pertsona nagusiengatik da. Pertsona nagusiek numeroak maite dituzte biziki. Lagun berri batez hitz egiten badiezue, ez dizuete beharrezko diren kalitatez galderarik egingo. Ez dizuete inoiz honelako galderarik egingo: nolakoa da bere abotsaren soinua? Zer joko mota maite du? Ximeleta bildumarik egiten al du? Bai zera! hauxe galdegingo dizuete: "Zer adin du? Zenbat anai-arreba du? Zer pisu du? Haren aitak zenbat irabazten du?" Orduan bakarrik uste dute ezagutzen dutela zure adixkidea... Are eta gehiago, baldin eta nagusiei esaten badiezue: "Biziki etxe ederra ikusi dut, dena ladrilu gorriz, lehiotan lore politekin, eta teilatuan uso ugari..." etxe hau ezin dezakete asma nolakoa den nagusiek; zera esan behar zaie uler dezaten: "Ehun mila liberako etxea ikusi dut". "Hori bai etxe ederra!", esango dizuete pertsona nagusiek orduan.
Hildo beretik, zera esaten badiezue: "Printze tipia bizi izan zenaren froga haundia hauxe duzue: lilluragarri zela, irri egiten zuela, eta arkume bat nahi zuela; zeren arkume bat izan nahi delarik horixe da bizitzen denaren frogarik haundiena". Bainan, haurtzat hartuko zaituzte, sorbaldak jasotzen dituztela. Bainan 612 B asteroide deritzan planetatik zetorrela esaten badiezue, orduan bai sinetsiko dute eta baketan utziko zaituzte, gehiago galdegin gabe.
Guk ez ditugu pertsona nagusiak begi gaiztoz ikusi behar, horrela dira eta... pertsona nagusiekin oso barkaerrezak izan behar dugu haurrok.
Guk, bizia zer den dakigunok, ez diegu garrantzi haundirik emaiten numeroei noski!
Ipuin fabulak hasten diren gisan hasi nahi nukeen nik historia hau; zera esan nahi nukeen:
"Behin batean... bera baino doi doia haundiago zen planeta batetan bizi zen printze batek adixkide baten beharra zuen".
Historia horrela hasi izan balitz, askoz egia handiagotzat hartu zutekeen, bizia zer den ulertzen dutenek.
Nik ez dut ene liburu hau azaletik irakurria izan dadin nahi. Hain da haundia ene atsekabea oroitzapen hauek kondatzearren.
Dela iadanik sei urte nere adixkidea joan zela bere arkumearekin. Ene adixkidea ez ahazteko bere deskribapena egiten saiatzen ari naiz. Adixkide bat ahaztea oso gauza triste da eta. Denek ez dute lagunik izan. Gainera pertsona nagusien antzekoa bilaka naiteke ni (numero besterik ez zaie interesatzen). Horrexegatik kolorezko kutxa bat eta lapitzak erosi ditut. Nere adineko batentzat oso gogorra da marrazten berriz hastea. Batez ere boa itxia eta boa irekiaren egin ahalez besterik sekulan egin ez dudanean... Ahalik eta erretraturik zuzenenak egiten saiatuko naiz noski. Bainan ez naiz batere segur lortuko dudan. Nik egindako marrazki batek ez dauka aurrekoarekin antzik. Printzearen tankeraz ere huts egiten dut batzutan. Hemen printze tipia haundiegi ba da, non hor tipiegi den! Bere jantziaren koloreaz zalantzatan nago ere. Ahal eta hobekien egiten saiatzen naiz hala ere.
Azkenik, zehaztasun garrantzitsuago batzuez oker ibiliko naiz. Baina hori parkatu beharko didazue. Nere adixkideak ez zuen inoiz explikaziorik ematen. Bere irudiko nintzela uste zuen harek. Bainan nik zoritxarrez ez dakit kutxaren zeharretara arkumerik ikusten. Pertsona nagusien antzeko naiz beharbada. Zahartu naizela uste dut.
V
Haren planetaz, bai haren bidaiaz zerbait ikasten nuen egunero-egunero. Gogoetak nola ziren, halaxe zetorkidan dena emeki-emeki. Hirugarren egunean baoben zorigaitza ezagutu nuen.
Oraingoan ere arkumeari esker izan zen, printze txikiak zalantzak jota bezala galde egin bait zidan bat batean:
- Egia al da, arkumeek zuhaixkak jaten dituztela?
- Bai, egia da.
- Ah! pozik nago.
Arkumeek zuhaixkak jatea ala ez jatea zergatik hain garrantzitsu zen ez nuen ulertu. Printze txikiak esan zuen:
- Orduan... baobak ere jaten al dituzte?.
Elefante talde bat
Baobak ez zirela zuhaixkak, elizak bezain zuhaitz haundiak baizik explikatu nion printzettoari eta elefante talde batek ere, ezin lezakeela baoba oso bat jan egin...
Elefante taldearen ideiaz irri egin zuen printze txikiak:
- Baobak ere txikiak dira hazi baino lehen...
Printze txikia lanean
- Horixe bai! Bainan zure arkumeek baoba txikiak jan ditzaten zergatik nahi duzu?
Dena nabari balitz bezala erantzun zidan: "Bistan da!" Kemen haundi bat egin behar izan nuen neronek arazoa ulertzeko.
Normala denez, planeta guzietan bezala, belar onik eta belar txarrik ba zegoen printze txikiaren planetan. Beraz bada, ba zeuden belar onen hazi onak eta belar txarren hazi txarrak. Bainan ikustezinak dira haziak. Lurraren barnean lo egiten dute, haietariko bati erne egin behar duela bururatu arte... Lehenik emeki luzatzen da, eguzkiaren bila joanez ardaxka zoragarri txiki bat ateratzeko. Harbi kimu edo arrosa kimu baldin bada, berak nahi bezala hazten utz daiteke, baina landare txarrik baldin bada, erne bezain laster erauzi behar da. Bainan printze txikiaren planetan ba zen hazi izugarririk.-
... Baoba haziak hain zuzen ere. Planetaren zolua baoba haziz bete beterik zegoen. Baoba, hasieratik erauzi  behar da, bestela beranduegi izan daiteke. Planeta guzia trabatzen du. Bere erroek dena induskatzen dute. Eta planeta tikiegi baldin bada edo ta baobak gehiegi baldin badira, planeta leherrerazten dute beraiek.
"Disziplina pixkat behar zela -esan zidan printze txikiak: goizean norberaren garbiketa bukatu ondoren planetarena egin behar da arreta haundiz. Baoba eta arrosa landareak elkarren antzekoak dira gazte direlarik. Horregatik biak ongi bereizten ahalegindu behar da baobak erauzterakoan. Oso lan aspergarria baina oso erreza".
Behin, ene eskualdeko haurren buruetan hori ongi sarrarazteko, marrazki eder bat egiten saiatu behar nintzela aholku eman zidan: "Baliagarri izango zaie egun batez bidaia bat egiten baldin badute. Batzutan ez da problema bat lana beranduagorako uztea baina baobak baldin badira, zorigaitz handia da beti. Nik ezagutu dudan planeta batean bizi zen alfer batek hiru zuhaixka ahantzi zituen eta..."
Printze txikiak esan bezala planeta hau marraztu nuen. Ez zait niri moralista izaitea gehiegi gustatzen. Bainan baoben arriskuak hain ezezagun direnez eta asteroide batetan galduko litzatekeen norbaitentzat galbide posibleak hain handi direnez, behingoz salbuespen bat egitea erabaki nuen. Nik esan nuen: "Haurrak! Kontuz baobekin gero!" Asko eta luzaz landu dut marrazki hau. Batez ere aspaldidanik ene lagunek eta neronek ere hain ezezagun genuen baoben arriskuaz ohartarazteko. Ikasgaia baliagarri gertatu zen. Behar bada, zera galdegingo zeniokete zeuen buruari: zergatik ez dago liburu honetan baoben marrazkia bezain marrazki politarik, handiosorik? Erantzuna oso erraza da: ni saiatu, saiatu naiz bainan alferrik, ez zait posible izan.
Baobena beharrezkoa zela pentsatuz, marraztu nuen.
VI
Eguzkiaren sartzea
Ai printze txikia! Horrela zure bizitza tristea poliki poliki ulertu nuen.
Ez zenuen beste gozabiderik eguzkiaren sartzeen goxotasuna besterik. Gauza berri hau laugarren eguneko goizean jakin nuen zuk zera esan zenidanean:
- Eguzkiaren sartzeak gustatzen zaizkit... goazen batto ikustera...
- Bainan itxaron behar dugu...
- Itxaron zer...?
- Eguzkia sartzeko ordua itxaron behar dugu.
Lehenik harriturik gelditu zinen, geroxeago zeure buruaz irri egiteko. Eta zera esan zenidan:
- Uste nuen neure etxean nengoela!
Hain zuzen, Estatu Batuetan eguerdi denean, eguzkia, denek dakitenez, izkutatzen da Franzian. Minutu batetan Franziara joan ahal izatea nahi genuke, eguzkiaren sartzea ikusteko. Zoritxarrez Franzia urrutiegi dago. Bainan zeure planeta txikian aski zenuke zure alkia urrats batzuz mugiaraztea, ilunabarra nahi hainbat aldiz ikusteko.
- Egun batez berrogoi-ta hiru aldiz ikusi nuen eguzkia sartzen.
Geroxeago zera eransten zenuen.
- Ba al dakizu...? oso tristerik eta goibel gaudenean eguzkiaren oheratzeak maitatzen ditugu...
- Berrogoi-ta hiru aldiz eguzkiaren sartzea ikusi zenuenean hain triste al zeunden zu?
Bainan printze txikiak ez zidan erantzun.
VII
Printze txikiaren sekretua, arkumeari esker beti bezala, bostgarren egunean ikasi nuen. Ixiltasunean luzaz pentsatutako problema baten fruitua bezala, ezer esan gabe galdetu zidan bat batean:
- Arkumeak zuhaixkak jaten baldin baditu loreak ere bai, ez da?
- Aurkitzen duen guzia jaten du arkumeak.
- Arantzadun loreak baita ere?
- Bai, baita horietxek ere.
- Zertarako balio dute arantzeek orduan?
Nik ez nekien hori. Ene motorreko gogorregi sartuta zegoen dranbala bat destorloiatzen oso arduratua nengoen orduan. Oso kezkati nengoen nere motorreko aberiak aski grabe zirudielako. Txarrenean hasi nintzen pentsatzen, edateko ura amaitzen ari zen eta.
- Zertarako balio dute arantzeek?
Printze txikiak galdera bat eginez gero huraxe erantzun arte ez zuen amore emaiten. Ni nahiko haserre nengoen neure dranbalarekin eta edozer erantzun nion:
- Arantzeek ez dute ezertarako balio! Loreen gaiztakeria besterik ez dira horiek!
- Oh!
Bainan ixilgune bat egin ondoren gorrotoz esan bezala zidan:
- Ez dizut sinesten, loreak ahul eta gizarajoak dira. Ahal duten bezala euren burua defenditzen dute. Eta arantzeak dituztelako beldurgarriak direla uste dute...
Nik ez nuen ezer erantzun. Une hartantxe neure buruari esan nion: "Dranbala honek onez ez badu atera nahi, mailu golpe batez aterako dut gero!" Berriz neure pentsamenduak trabatu zizkidan printze txikiak:
- Eta zuk... uste al duzu loreak...?
- Ezetz! nik ez dut ezer uste. Zernahi esan dizut! Guziz lanpetua nago, gauza seriosetan ari naiz!
Harriturik begiratu ninduen.
- Bai zera! Gauza seriosetan!
Mailu eskuan nuela eta atzak koipez beterik eta bere ustez tresna itsusi bati begira makurturik nengoela, neri so zegoen printze txikia.
- Pertsona nagusiek bezala hitz egiten duzu!
Haren esanak lotsatu ninduen pixka bat. Eta urrikirik gabe esan zuen:
- Dena okertzen duzu! Dena nahasten duzu!
Egiazki biziki haserre zegoen. Bere urrezko ileak haizean mugitzen zituen:
- Nik ezagutzen dudan planeta batetan jaun gorri-gorri bat bizi da. Ez du egundaino lorerik usaindu. Ez du inoiz izarrik begiratu. Ez du sekulan inor maitatu. Ez du inoiz batuketak besterik egin. Eta zuk diozun bezala beti esaten du egun guzian: "Ni gizon seriosa naiz! Gizon seriosa naiz!". Eta horrexek harrokeriaz betetzen du. Bainan hori ez da gizona Ziza da hori!
- Zer den?
- Ziza!
Haserrez zurbil zegoen printze txikia oraingoan.
Printze txikiaren lorea
- Dela milioika urte loreek arrantzeak sortzen dituztela. Milioika urte ere arkumeek loreak jaten dituztela. Eta ezertarako balio ez duten arantzeak zergatik hainbeste saiatzen diren sortzen jakin nahi izaitea, ez al da gauza seriosa? Arkumeen eta loreen arteko borrokak ez ote du garrantzirik? Jaun lodi eta gorri-gorri baten batuketak baino seriosago eta garantzitsuago ez al da hori? Eta horrela, goiz batez ohartu gabe, arkume txiki batek kolpe bakar batez apur dezakeen lore bat, ene planetan beste inon ez dagoen lore bakar bat nik ezagutzen baldin badut, zer? Horrek ere ez ote du garrantzirik?
Sutan zegoela, esan zuen:
-Milioi eta milioi izarren artean beste inon ere ez dagoen lore ale bakarra norbaitek maite baldin badu, izarrei begira egotea nahikoa zaio zoriontsu izateko. Honela dio bere baitan: "Ene lorea hor dago nonbait..." Bainan arkumeak lorea jaten baldin badu, izar guziak bat batean itzaliko balira bezala litzateke harentzat. Eta hori ez ote da garrantzitsua!
Ezin izan zuen gehiagorik esan. Negar zotinka hasi zen. Ilundu zen. Gau zen. Alde batera utzi nituen nere tresnak. Dena berdin zitzaidan niri momentu hartan, mailua, dranbala, egarria eta heriotza bera ere. Izar batean, planeta batean, nerean, neure munduan ba zegoen kontsolatzeko printze txiki bat! Ene besoetan hartu eta hura seaskatuz esan nion: "Maite duzun lorea ez dago arriskuan... Zure arkumearentzat muturreko bat marraztuko dut...Zure lorearentzat estalki bat marraztuko dut... Zera egingo dut..." Nik ez nekien zer esan. Ez nintzen nirekiko gustora sentitzen. Ez bait nintzen haren sentimentuen muinaz jabetu... Hain misteriozko den malkoen mundua!
VIII
Printze txikia lorearekin
Lorea hobeki ezagutzen azkar ikasi nuen. Printze txikiaren planetan betidanik izan zen izan, zenbait lore sinple, petalo lerro bakar batez horniturik. Ez zuten ia lekurik hartzen eta ez zuten inor zirikatzen. Goizean belardian ernetzen ziren, gero iluntzean itzaltzen. Bainan Printze txikiaren lorea ez dakigu nondik ekarritako hazi batetik erne egin zen. Belar izpi egin zeneko beste loreen antzik ez zeukanez, hurbildik zaindu zuen printze txikiak. Baoba mota berri bat izan zitekeen... Bainan zuhaixka zerbait handitu zeneko, bere hartan gelditu zen eta lore nini bat prestatzen hasi zen. Izugarrizko lore pinpina eratzen ari zela ikusi zuenean, hartatik zerbait mirakulutsu aterako zela uste izan zuen; bainan bere ganbara berdearen babesean eder izateko apaintzen zen gure lorea. Koloreak kontu handiz hautatzen zituen. Emeki emeki janzten zen gure lorea bere petaloak banan banan egokituz. Loreak ez zuen mitxoleta bezala guztiz zimurturik irten nahi. Bere edertasunaren handienean nahi zuen agertu. Bai, bai! Oso koketa zen! Egun luze batzuez iraun zuen bere apainketa misteriosoak. Eta, egun batez, egunsentian berean bere burua erakutsi zuen.
Eta berak hain zehaztasun handiz lana egin zuela esan zuen aharrausika:
- Ah! Oraintxe itzarri naiz... Parka iezadazu... Bainan ez nago oraindik ongi orraztuta...
Bere mirespena ezin atxikiz esan zuen printze txikiak:
- Zein ederra zaren!
- Ez da? Loreak eztiki erantzun zuen. Eguzkiarekin batera sortua naiz...
Printze txikiak lorea ez zela oso apala igarri zuen, dena den, hain zen hunkigarri.
Pritnze txikia lorea ureztatzen
- Gosaltzeko ordua dela uste dut. Esan zuen ondoren... Nitaz pentsatuko bazenu?
Eta printze txikiak guztiz nahasturik zegoela, ur fresko uruntzi baten bila joan eta, lorea urestaldu zuen.
Horrela bere harrokeria fidagaitzez laster oinazeztatu zen gure printzea.
Esate baterako, egun batez bere lau arantzez mintzatuz, esan zion printze txikiari.
Etor daitezke tigreak, beren hatzaparrekin!
- Etor daitezke bai, tigreak beren hatzaparrekin!
- Ez dago tigrerik ene planetan, eta gainera tigreek ez dute belarrik jaten, esan zuen printze txikiak.
- Bainan, ni ez naiz belar bat, loreak erantzun zuen eztiki.
- Parka iezadazu...
- Ni ez naiz tigreen beldur, baina haize korronteek ikaratzen naute, ez al duzu haize aterbe bat izango?
"Haize korronteei ikara... Landare batentzat zoritxarra benetan... Ohartu zuen printze txikiak. Oso zaila da lore hau..."
- Gauez, aterpean ezarri behar nauzu. Oso hotz da zure etxean. Hau gaizki antolatua da. Neu natorren lekuan...
Bat batean gelditu zen, oraindik hazia zelarik etorria zen eta beste mundurik ezin izan zuen ezagutu loreak. Orduan ohartu zen lorea esan zuen gezur gixaixoaz eta bi edo hiru aldiz estula egin zuen, printze txikiak arrazoinik izan ez zezan:
- Eta...? Non da atordea?
- Haren bila nindoan ni, baina zuk hitz egiten zenidan!
Printze txikia eta atordea
Printze txikia
Loreak indar gehiagoz egin zuen estula, printze txikia urriki zedin. Printze txikia hasi zen loreaz mesfidatzen, nahiz bere amodioaren borondatea ona izan. Lorearen garrantzi gabeko hitzak zinezkotzat hartu bait zituen, guztiz zorigabea bilakatu zen printze txikia.
Zera esan zidan egun batez konfidantza gisan:
"Nik ez nion entzun behar izan, loreei ez zaie inoiz entzun behar. Loreak, begiratzeko eta usaintzeko dira. Nere loreak usain ona ematen zion planetari, halaere ni ez nintekeen hortaz poztu. Hainbeste nardatu ninduen hatzaparren historia harek samurtu behar izan ninduen..."
Esan zidan baita ere:
"Nik ez nuen ezer konprenizen, jakina! Egiten zuenaz juzkatu behar izan nuen eta ez bere hitzez. Harek lurrindatzen eta argitzen ninduen. Ez nuen handik inoiz ihes egin behar izan! Haren maltzurkerien atzetik bere samurtasuna asmatu behar izan nuen. Hain aldakor diren loreak! halaere hura maitatzen ikasteko gazteegia nintzen ni"
IX
txori emigrapen batez baliatu egin zen ihes egiteko
Nere ustez, basa txori emigrapen batez baliatu egin zen ihes egiteko. Joan zen eguneko goizean ederki apaindu zuen bere planeta. Bere sumendi bizien kezuloak arretaz garbitu zituen. Bi sumendi bizirik zeukan. Goizean gosaria berotzeko oso egokia zen. Sumendi itzali bat ere ba zeukan euki. Sumendi itzalia garbitu zuen baita ere, zeren zioen bezala. "Sekulan berpizten bada!" Sumendien kezuloak ongi garbiturik baldin ba dira erregularki eta emeki emeki erretzen dira, erupziorik gabe. Sumendiren erupzioak edo berpizteak, tximini suak bezalako dira. Bainan jakina geure munduan txikiegi gara geure sumendien kezuloak garbitzeko. Horregatik hainbeste kalte egiten digute.
Bere sumendi bizien kezuloak arretaz garbitu zituen
Baoben azken aldaxkak erauzi zituen ere. Printze txikia apur bat ilun zegoen. Berriz ez zela inoiz itzuliko uste zuen. Bainan goiz hartan, etxeko lan ezagun guziak oso goxoak iruditu zitzaizkion. Eta lorea azken aldiz ureztatu zuen eta hura bere aterbean sartzeko prestatu zenean negar egiteko gogoa zeukala ohartu zen.
- Adio -esan zion loreari.
Bainan harek ez zion erantzun.
- Adio - berresan zuen.
Loreak estula egin zuen, bainan ez zen bere katarrorengatik...
- Parka iezadazu - azkenean esan zion- tentela izan naiz. Saia zaitez pozik izaten.
Loreak aurpegira ezer bota ez bait zion, harritu izan zen. Aterbea eskuan zeukala txunditurik gelditu zen. Eztitasun baketsu hura ez zuen ulertzen.
- Bainan baietz, nik maite zaitut -esan zion loreak. Nere faltarengatik ez duzu ezer jakin izan. Horrek ez du inolako garrantzirik. Ni bezain tentela izan zara zu ere baina. Ahalegin zaitez pozik izaten... Utz ezazu baketan aterbea. Orain ez dut nahi.
- Bainan haizea...
- Ez, ez naiz hain marranta, gaueko haize freskoak on egingo dit. Ni lore naiz.
- Bainan piztiak...
- Tximeletak ikusteko bizpa-hiru beldar jasan beharko dut ez? Oso eder omen da. Bestela nor etorriko zait bisitan? Zu zeu urrun egongo zara. Pizti handiei dagokienez, ez diet beldur. Ene hatzaparrak ba ditut.
Bere lau arantzak erakutsi zizkidan inuxenteki. Ondotik esan zuen:
- Ez zaitez hola gera, nardagarri da hori. Zuk erabaki duzu joatea. Zoaz.
Printze txikiak negarrez ikus zezan ez zuen nahi. Hain harro zen lore hura...
X
325, 326, 327, 328, 329 eta 330 asteroideen eskualdean aurkitzen zen. Guzi hauek bisitatzen hasi zen, zeregin bat bilatzeko eta zerbait ikasteko.
Lehenean errege bat bizi zen. Oso trono sinple baina handios batetan purpuraz eta katazuriz jantzirik eserita zegoen.
Erregea
- "Horra hor menpeko bat", aldarrikatu zuen erregek printze txikia nabaritu zuenean.
Bere buruari galdetu zion printze txikiak:
- "Nola arraio ezagut nazake ez banau sekulan ikusi?
Printze txikiak ez zekien, erregeentzat mundua oso sinplifikatua zenik. Gizon guziak menpeko dira haientzat.
- Hurbil hadi hobeto ikus haitzadan, esan zion erregek azkenik, norbaitentzat errege izateaz guziz harro zegoela.
Printze txikia non eseri behar zuen bilatzen hasi zen bere begiez. Bainan planeta osoa erregeren katazuri kapa bikainaz hartua zegoen. Beraz zutik gelditu zen eta nekatuta zegoenez aharrausika hasi zen.
Erregek esan zion:
- Erregeren aurrean aharrausi egitea protokolo kontrakoa duk. Hori egitea debekatzen diat.
- Bainan ezin naiteke kontrola, erantzun zion printze txikiak guziz nahasirik. Oso bidaia luzea egin dut eta ez dut lorik egin...
-Orduan aharrausi egitea agintzen diat, esan zion erregek. Urte asko dela, ez dudala inor aharrausika ikusi. Aharrausiak bitxikeriak dituk neretzat. Ea bada aharrausi egin ezak. Nik agindua.
- Horren egiteak lotsatzen nau, ezin dut gehiagorik egin... esan zuen printze txikiak gorri gorri eginda.
- Hum! Hum! -erantzun zuen erregek. - Orduan zera agintzen diat... tarteka aharrausika eta tarteka...
Ahoa apur bat murruzkatu zuen erregek. Ba zirudien iraindua zegoela.
Bere aginpide osoa betea edo errespetatuta izan zedin nahi zuen erregek. Ez zuen desobedientziarik onartzen. Errege bakar eta osoa zen. Bainan bihotz onekoa zenez agindu zuhurrak ematen zituen.
Eskuarki zioen honoko hau: "General bati itsas txoria bilaka dadin aginduko banio eta harek obedituko ez balu, ez litzateke generalaren hobena, nerea baizik".
- Eseri al naiteke? Herabez galdetu zion printze txikiak.
- Eseri hadin agintzen diat, erantzun zion erregek bere katazuri kaparen alde luzea handikiro erakartzen zuela..
Harriturik zegoen printze txikia. Guziz xume eta nimi?oa zen planeta. Noren edo zeren errege izan zitekeen?
- Majestate... parka iezadazu nik galdetzen badizut...
- Hik niri galde diezadaan agintzen diat! -esan zuen erregek berehala.
- Maiestate... Noren edo zeren errege zara?
- Denen errege, guzien errege, erantzun zion sinplezia handiz.
- Denen errege?
Bere planeta, beste planetak eta izarrak erakutsi zizkion, keinu apal batez.
- Guzi honena?.
- Bai guzi honena...
Ez bait zen soilki errege bakar eta osoa, errege unibertsala baizik.
- Eta izarrek, betetzen ahal dituzte zure aginduak?
- Beharko! Berehala gainera. Nik ez diat desobedientziarik onartzen.
Hainbesteko botereak liluratu zuen printze txikia. Beste horrenbeste berak izan balu, ez berrogoi-ta lau aldiz, hirurogoi-ta hamabi baizik, edo baita ere ehun aldiz, edo berrehun eguzkisartze ikusi zukeen egun berean, alkia sekulan mugitu gabe! Bere planeta txiki eta utziaz oroitzean pixkat goibel zegoenez, erregeri grazia bat eskatzera ausartu zen.
- Eguzki sartze bat ikusi nahi nuke... Mesedez... Egin iezadazu mesede hori... Agindu ezazu eguzkia sar dadin...
- General bati aginduko banio, lore batetik beste lore batera tximeleta bezala hegan egin dezan... edo tragedia bat idatz dezan... edo itsas txoria bilaka dadin... eta generalak ez balu ene agindua beteko beteko, norena litzatekek errua, harena ala nerea?
- Zurea, esan zion printze txikiak zalantzarik gabe.
- Horixe duk, norberak egin dezakena exijitu behar duk norberarengandik, esan zuen erregek. Autoritatea, nagusigoa, arrazoinean datza jakina. Hik heure herriari bere burua itsasora bota dezan agintzen baldin badiok, iraultza eginen dik. Ene aginduak zentzudun direlako, niri obedientzia eskatzeko eskubidea zeukat.
- Eta ene eguzkiaren sartze hori...? Oroitarazi zuen printze txikiak, ez bait zuen sekulan iadanik egindako galderarik ahazten.
- Eukiko duk, bai, hire eguzki sartzea. Nik exijituko diat. Bainan, ene gobernamenduren jakituriaz, baldintzak aldekoak izan arte itxarongo diat.
- Eta hori noiz izango da? Printze txikiak jakin nahirik.
Egutegi lodi bat ikertzen zegoela, erantzun zion erregek:
- Ejem, ejem, gutxi gora behera izanen da... iluntze hau zazpiak eta berrogoi minututan inguru izanen duk! Eta zer ongi obeditua naizen ikusiko duk!
Aharrausika egin zuen printze txikiak, eta huts egindako eguzki sartzeagatik urriki zen. Eta gainera, zegoeneko, aspertzen hasia zen pixkat.
Esan zion erregeri:
- Nik ez daukat zer eginik hemen; ni ba noa.
- Ez! Geldi hadi hor! Gera hadi! Ministro egingo haut. Errege oso harro zegoen, menpeko bat ba zuen eta.
- Zeren ministroa?
- Zerarena... Justizia ministroa!
- Bainan hemen ez da inor epaiteko!
- Hori ezin jakin daitekek, esan zion erregek. Ene erresumaren itzulia ez diat oraindik egin. Ni oso zaharra nauk, karroza edukitzeko ere ez zeukat lekurik, eta ibiliz nekatzen nauk oso.
- Bainan, iadanik begiratua dut, berriro bera zegoen lekutik begirada bat eman zion planetaren beste aldeari. Han ere ez dago inor...
- Hik epaituko diok heure buruari orduan, erregek erantzun zion. Hori gauzarik zailena duk. Bestea epaitzea baino askozaz zailago duk norberak bere burua epaitzea. Heure burua ongi epaitzen baldin baduk jakintsu eta zuhur haizen seinale duk.
- Nik, printze txikiak esan zuen, neure burua nonnahi epai dezaket. Hemen bizi beharrik ez daukat horren egiteko.
- Hem! hem! egin zuen erregek, nik uste diat ene planetan arratoi zahar bat ba dagoela nonbait. Gauez entzuten diat. Arratoi zahar hori epaitu ahalko duk hik. Eta noizean behin, tarteka, hiltzera zigortuko duk. Horrela bere bizia hire justiziaren menpean izanen duk. Baina ekonomia egiteko, hik barkatuko duk aldi oro. Bat besterik ez zegok eta!
- Niri, erantzun zuen printze txikiak, ez zait hiltzera zigortzea batere gustatzen, eta ba noala uste dut.
- Ez, esan zuen erregek.
Halaere bere prestaketak bukaturik Printze txikiak ez zuen errege zaharra gehiago tristetu nahi:
- Zure Maiestate hori zintzoki obeditua izan dadin nahi baleza, agindu arrazoingarri bat eman liezadake. Esate baterako, agindu liezadake minutu bat baino lehen joateko; eta baldintzak ene aldeko direla iruditzen zait...
Erregek ez bait zuen deus erantzun, lehenik zalantzan egon bazen ere, hasperen bat eginez joaten hasi zen.
- Ene anbasadorea egiten haut! Aldarrikatu zuen erregek presaka.
Nagusitasun handiko iduria zeukan erregek.
"Guztiz arraro dira pertsona nagusiak", zioen bere baitan printze txikiak bere bidaian.
XI
Haundiuste harro bat bizi zen bigarren planetan:
- Ah! Ah! Horra hor miresle baten bisita! Aldarrikatu zuen haundiusteak printze txikia urrundik somatu eta. 
Zeren eta handiuste harroentzat, beste gizonak miresle bait dira.
Haundiuste harroa
- Egun on! dio printze txikiak, sonbrero bitxia duzu oso.
- Agurtzeko da, harroak erantzun zion. Txalotzen nautenean agurtzeko da. Bainan ez da hemendik inor inoiz pasatzen zoritxarrez.
- Ah bai? Ezer ulertu ez zuela esan zuen printze txikiak.
- Jo egin itzazu zure eskuak, bata bestearen kontra, harroak eman zion aholku.
Bere eskuak elkarren kontra jo zituen printze txikiak. Handiuste puztuak bere kapela altxatuz umilki agurtu zuen.
Printze txikiak berekiko: "erregeren bisita baino irringarriago da hau". Eta bere eskuak, bata bestearen kontra jotzen hasi zuen berriz. Handiusteak, bere kapela altxatuz agurtzen hasten zuen berriz.
Bost minutu ariketa ondoren, printze txikia jokoaren monotoniaz nekatu zen.
Zera galdetu zion:
- Zer egin behar da sonbreroa eror dadin?
Bainan handiusteak ez zuen entzun, handiuste harroek ez dute inoiz goresmen besterik entzuten.
- Benetan, asko miresten al nauzu? Printze txikiari galdetu zion.
- Mireste horrek zer esan nahi du?
- Zera da, planetaren gizonik politena, dotorena, aberatsena, burutsuena naizela onartzea da, miresteak esan nahi duena.
- Bainan zure planeta honetan bakarra zara zeu!
- Egin iezadazu plazer hori, mires nazazu hala ere!
Printze txikiak sorbaldak apur bat altxatzen zituela, horrek zer arraio egin ziezaiokeen harroari, esan zion:
- Miresten zaitut.
Eta joan egin zen printze txikia.
"Egia esan, guziz bitxi dira pertsona nagusiak"; esan zion bere buruari, bere bidaiak iraun zuen artean.
XII
Urrengo planetan edale bat bizi zen. Oso tristura handian sartu zuen printze txikia bisita labur honek:
Edalea
- Zertan ari zara hor? esan zion edaleari. Botil huts bilduma baten ondoan eta beste botil bete bilduma baten aurrean ixilik zegoela aurkitu zuen.
- Edaten ari naiz, erantzun zion edaleak, aire ilun batez.
- Zergatik edaten duzu? Galdetu zion printze txikiak.
- Ahazteko, edaleak erantzun.
- Zer ahazteko? Zegoeneko urrikiturik galdetu zion printze txikiak.
- Lotsa naizela ahazteko, burua makurtuz aitortu zuen edaleak.
- Zeren lotsa? Eskatu zion jakin gosez printze txikiak hura lagundu nahirik.
- Edatearen lotsa! Azkenekotz esan zuen edaleak, ixiltasunean bere burua berriz izkutatuz.
Eta printze txikia zeharo harriturik joan zen.
"Benetan guztiz bitxi dira pertsona nagusiak" esaten zion bere buruari bere bidaiak iraun zuen bitartean.
XIII
Laugarren planetan negozio-gizon bat bizi zen. Hain lanpetua zen gizon hura, ez zuela burua altxatu ere printze txikia etorri zenean.
Negozio-gizona
- Egun on, esan zion printze txikiak. Zure zigarroa itzalita dago.
- Hiru gehi bi berdin bost. Bost gehi zazpi hamabi. Hamabi gehi hiru berdin hamabost. Egun on. Hamabost gehi zazpi hogoita bi. Hogoita bi. Hogoita bi gehi sei berdin hogoita zortzi. Ez dut zigarroa berpizteko denborarik. Hogoita sei gehi bost berdin hogoita hamaika. Huf! Bostehun ta bat milioi seiehun hogoita bi mila zazpiehun eta hogoita hamaika egiten du horrek orduan.
- Bostehun milioi zer?
-He! Oraindik al zaude hemen? Bostehun milioi zerak... ez dakit, ahaztu zait, hainbeste lan ba dudan! Ni ez naiz gero zozokerietan ari, ni seriosa naiz. Bi gehi bost, zazpi...
- Bainan bostehun miloi zer? Printze txikiak galdera bat egiten zuenean ez zuen sekulan amore ematen erantzuna izan arte.
Dirudunak burua altxatu zuen.
- Dela berrogoita lau urte planeta honetantxe nagoela eta hiru aldiz bakarrik molestatu naute. Lehendabiziko aldia dela hogoita bi urte jaungoikoak daki nondik erori zen erletzar bat izan zen. Zarata izugarria egiten zuen, eta lau huts egin nuen gehiketa batetan. Bigarren aldia dela hamaika urte, katarro latz bat izan zen. Kirola falta dut. Nik ez dut astirik alferretan ibiltzeko. Ni neu seriosa naiz. Eta hona hemen hirugarren aldia! Zera nioen nik orduan: bostehun milioi eta...
- Milioi zer?
Bake esperantzarik guti zegoela ulertu zuen tratalariak:
- Zeruan batzutan ikusten diren gauza tiki horietako milioiak.
- Euliak?
- Ezetz ba, distiratzen diren gauza tikiak.
- Erleak ote?
- Ezetz! Alferrei ametsak egin arazten dizkieten urrezko gauza tikiak. Ni neu seriosa naiz! Ez dut astirik ametsetan egoteko.
- Ah! Izarrak!
- Horixe da bai, izarrak.
- Eta bostehun milioi izarretaz zer egiten duzu zuk?
- Bostehun milioi, seiehun hogoita bi mila zazpiehun hogoita hamaika. Ni seriosa naiz, zehatza.
- Eta izar horietaz zer egiten duzu?
- Zer egiten dudan?
- Bai.
- Ezer ez. Neuk edukitzen ditut.
- Izarrak edukitzen al dituzu?
- Bai.
- Bainan jadanik ikusi dut errege bat...
- Erregeek ez dute edukitzen. Haiek "erreinatzen dute" norbaitetaz. Oso diferente da.
- Eta izarren edukitzeak zertarako balio dizu?
- Aberatsa izateko balio dit.
- Eta aberatsa izateak zertarako balio dizu?
- Beste izar batzu erosteko, norbaitek aurkitzen baldin baditu.
"Honek pixkat mozkortiak bezala arrazoinatzen du", dio printze txikiak berekiko.
Hala ere oraindik galderak egin zituen:
- Izarrak nola arraio eduki daitezke?
- Norenak dira ba? Tratalariak haserre erantzun zuen.
- Ez dakit ba. Inorenak ere ez.
- Orduan nereak dira. Ni izan bait naiz hortaz pentsatu duen lehena.
- Nahikoa al da?
- Jakina. Inorena ez den diamante bat aurkitzen duzularik zeurea da. Inorena ez den ugarte bat aurkitzen duzunean hura zurea da. Ideia bat zurea denean, patente egiten duzu: hura zurea da. Eta ez bait du inork nik baino lehen hortaz pentsatu, neuk dauzkat izarrak.
- Egia da, esan zuen printze txikiak, eta haiekin zer egiten duzu?
- Administratzen ditut. Nik kontatzen eta berkontatzen ditut behin eta berriz, esan zuen tratalariak. Zaila da bainan ni gizon seriosa naiz!
Ez zen ase betea oraindik printze txikia.
- Nik baldin badaukat bufanda bat, ene lepoaren inguruan ipin eta eraman dezaket. Lore bat baldin badaukat neuk har eta eraman dezaket, baina zuk ezin ditzakezu izarrak har!
- Ez, bainan bankoan ezar ditzaket.
- Zer esan nahi du horrek?
- Nere izarren kopurua paper txiki batetan idazten dudala esan nahi du horrek. Eta gero paper hori kaxoi batetan giltzaz hesten dut.
- Eta hori dena al da?
- Nahikoa da!
"Irringarria da", pentsatu zuen printze txikiak. "Barregarria eta poetiko samarra da. Bainan ez da oso seriosa".
Oso diferenteak, gauza seriosetaz printze txikiak eta pertsona nagusiek zituzten ideak.
Printze txikiak esan zuen:
- Egunero urestatzen dudan lore bat ba daukat nik. Astero garbitzen ditudan hiru sumendi ba dauzkat ere. Zeren itzalia den sumendia nik garbitzen bait dut ere, zer gerta ere. Ene sumendientzat eta nere lorearentzat oso baliagarri da nik beraiek eduki ditzadan. Bainan zu zeure izarrentzat ez zara baliagarri!
Tratalariak, ahoa zabalik, ez zuen ezer aurkitu erantzuteko eta printze txikia joan egin zen.
"Guztiz harrigarriak dira benetan pertsona nagusiak" esan zion sinpleki bere buruari bidaiak irauten zuen artean.
XIV
Txit apartekoa zen bostgarren planeta. Denetarik tikiena zen. Gau argi edo farola bat eta gau-argi piztaile batentzako doi doia zegoen lekurik. Hor nonbait zeruan, etxerik gabeko, jenderik gabeko planeta batean, gau-argi piztaile batek zertarako balio lezakeen ez zekien oso ondo explikatzen printze txikiak. Hala ere esan zuen bere baitan:
"Gizon hau burugabekoa izatea ba daiteke; hala ere, bai errege, haundiustea, tratalaria eta edalea, hau baino burugabegoak dira. Bere lanak ba du zentzua behintzat. Bere farola pizten duenean, izar bat gehiago edo lore bat sortaraziko balitu bezala da. Aldiz, bere gau argia itzaltzen duenean lorea edo izarra loarazten ditu. Oso lan polita da hori. Polita delako egiazki baliagarri da".
Gau-argi piztailea
Planetara iritsi zenean errespetu handiz agurtu zuen piztalea:
- Egun on, zergatik itzali duzu zure gau argia?
- Horixe da agindua, erantzun zuen piztaileak. Egun on.
- Eta zein da agindua?
- Nere gau argiaren itzaltzea da. Gau on.
Eta berpiztu zuen.
- Bainan zergatik piztu berri duzu orain?
- Agindua horixe da, piztaileak erantzun zion.
- Nik ez dut piperrik ulertzen, esan zuen printze txikiak.
- Ez dago ezer ulertzerik, piztaileak esan zuen. Agindua, agindua da. Egun on!
Eta farola itzali zuen.
Ondoren sudurzapi karratu gorridun batez bekokia lehortu zuen.
- Lanbide izugarria egiten dut nik hemen. Lehen zentzuduna zen lana. Goizean itzaltzen eta gauean pizten nuen. Egunaren beste, lo egiteko...
- Eta harrez gero agindua aldatu al da?
- Ez, agindua ez da aldatu, hortan datza arazo larria! Urtetik urtera planeta gero eta arinago hasi da itzulikatzen eta ez da aldatu agindua!
- Eta orduan zer? Printze txikiak esan zion.
- Orduan minutoko itzuli bat egiten du planetak orain eta ez dut atseden une gehiagorik, ez eta segundu bat ere. Minutuko behin pizten eta itzaltzen dut nik!
- Hori barregarri gero! Zure planetan egunak minutu bat irauten du!
- Ez, ez da batere irringarri, esan zuen piztaileak. Dela iadanik hilabete bat elkarrekin hitz egiten dugula.
- Hilabete bat?
- Bai, hogoita hamar minutu, hogoita hamar egun! Gau on.
Eta bere gau argia berpiztu zuen.
Aginduekin hain zuzen eta zintzoa zen piztaile honi begiratu zion printze txikiak gogo onez. Bere aulkia mugituz, hainbeste aldiz ikusi zuen eguzkiaren sartzeaz oroitu zen. Bere adixkidea lagundu nahiz, esan zuen:
- Ba dakizu, nik ezagutzen dut era bat, nahi duzunean deskantsua har dezazun.
- Jakin nahi nuke, esan zuen piztaileak.
Zeren eta zintzo eta alfer batera izan bait daiteke. Printze txikiak segitu zuen.
- Hain txikia da zure planeta itzulia hiru urratsez egiten duzula. Orduan beti eguzkitan gelditzeko nahiko astiro ibili besterik ez duzu behar. Eta atseden egitea nahiko duzunean, ibiliko zara... eta horrela egunak zuk nahi adina iraunduko du.
- Horrek ez dit gauza handirik ekarriko, esan zuen piztaileak. Bizi honetan niri gustatzen zaidana lo egitea da.
- Ez duzu zoririk, esan zuen printze txikiak.
- Ez, ez dut zoririk, esan zuen piztaileak. Egun on.
Eta bere gau argia itzali zuen.
Urrunago, bere bidaia segitzen zuen bitartean esan zuen printze txikiak berekiko: "hau berau, beste guziek gutietsiko lukete; erregek, handiusteak, edaleak, tratalariak... denek. Hala ere, irringarri ez den bakarra dela iruditzen zait. Agian, bere buruaz besterik ez baita okupatzen izango da".
Urriki hasperen bat izan zuen eta esan zuen ere:
"Ene adixkide izan zitekeen bakarra zen hau berau. Bainan bere planeta benetan tikiegi da. Ez dago tokirik birentzat..."
Ba zen gauza bat printze txikia aitortzera ausartzen zena. Planeta bedeinkatu honen uztea benetan sentitzen zuela, zeragatik...: batez ere hogoita lau ordutan ikus zitezkeen, mila eta lauehun eta berrogoi eguzki sartzeengatik!
XV
Aurrekoa baino hamar aldiz handiago zen seigarren planeta. Liburu neurgabeak idazten zituen jaun zahar bat bizi zen.
Geografoa
- To! hona hemen esploratzaile bat, aldarrikatu zuen printze txikia somatu zuenean.
Mahainaren gainean eseri zen printze txikia, hatsa hartzeko. Zegoeneko egin zuen bidaia hain luzea zen!
- Nondik zatoz zu? esan zion jaun zaharrak.
- Zer da liburu lodi hau? Printze txikiak esan zuen. Zer egiten duzu hemen?
- Ni geografoa naiz, esan zuen jaun zaharrak.
- Zer da hori, geografo bat?
- Zera da: itsasoak, hiriak, mendiak eta basamortuak non dauden ezagutzen duen jakintsu bat.
- Oso interesgarria da, esan zuen printze tikiak. Hori bai dela benetako lan bat!
Eta geografoaren planetari begirada bat bota zion. Hain planeta handiosorik ez zuen inoiz oraino ikusi.
- Benetan ederra da zure planeta, itsasorik ba al dago?
- Nik ezin dezaket jakin, geografoak esan zuen.
- Ah! (naigabeturik zegoen printze txikia) eta... mendirik ba al dago?
- Nik ezin dezaket jakin, geografoak esan zuen.
- Eta hiririk eta hibairik eta basamorturik ba dago?
- Nik ezin dezaket jakin ere, geografoak esan zuen.
- Baina zu zara geografoa!
- Egia da, esan zuen geografoak, bainan ni ez naiz esploratzaile. Ez dut inongo azterlaririk. Ez da geografoa ez, hirien, hibaien, mendien, itsasoren eta basamortuen bilduma egingo duena. Geografoa importantegi da alferretan ibiltzeko. Ez da sekula bere  bulegotik irtetzen. Bainan geografoak esploratzaileen bisita hartzen du. Galderak egiten dizkie eta haien oroitzapen eta oharrak hartzen ditu. Eta haietariko norbaiten oroitzapenak interesatzen bazaizkio, esploratzaile beraren zintzotasunaz inkesta eginarazten du.
- Eta hori, zergatik?
- Zeren eta gezurrik esango lukeen esploratzaile batek, geografia liburuetan sekulako hondamendia ekarriko bait luke. Hala ere gauza bera gertatuko litzateke gehiegi edango lukeen esploratzaile batekin...
- Eta hori zergatik?
- Mozkortiek bikoitz ikusten dutelako! Eta orduan mendi bakar bat dagoen lekuan, bi markatuko luke geografoak.
- Nik esploratzaile txarra litzatekeen norbait ezagutzen dut, printze txikiak esan zuen.
- Posiblea da. Beraz, esploratzailearen zintzotasunak ona dirudienean, bere aurkikuntzaz azterketa egiten da.
- Ikustera al zoaz?
- Ez, zailegi da hori. Bainan esploratzaileari probak berak eman ditzan exijitzen zaio. Esate baterako mendi handi baten aurkizkuntza baldin bada, esploratzaileak harri handiak ekar ditzan eskatzen dugu.
Bat batean hunkitu egin zen geografoa.
- Bainan zu urrundik zatoz zu! Esploratzailea zara zu! Zure planeta nolakoa den esango didazu!
Eta geografoak bere liburua irekiz, bere lapitza zorroztu zuen. Lehenik, esploratzaileen esanak lapitzez idazten dira eta esploratzaileak probak eman ditzan arte itxaroten da, gero tintaz idazteko.
- Orduan? galdetu zuen geografoak.
- Oh! nere etxea ez da arras interesgarri, oso txikia da, esan zuen printze txikiak. Hiru sumendi ba dut nik. Bi sumendi pizturik eta beste bat itzalirik. Bainan nork daki...
- Bai, nork daki, esan zuen geografoak.
- Ba dut ere lore bat.
- Guk ez dugu lorerik hartzen -geografoak esan zuen.
- Zergatik ez? Hori da ederrena!
- Loreak iragankorrak direlako.
- "Iragankor" horrek zer esan nahi du?
- Geografiak, geografoak esan zuen, libururik baliotsuenak dira. Haiek ez dute inoiz gaurkotasuna galtzen. Itsasoak ez du inoiz gaurkotasuna galtzen. Mendi bat lekuz alda dadin oso arraroa da. Itsaso batek bere ura gal dezan oso bitxia da. Guk gauza betierekoak idazten dugu.
- Bainan sumendi itzaliak itzar daitezke, printze txikiak moztu zion. Zer esan nahi du "iragankor" horrek?
- Sumendiak itzalirik edo pizturik izan daitezen, berdin da guretzat, esan zuen geografoak. Mendia da guretzat balio diguna. Hura ez da aldatzen.
- Bainan zer arraio esan nahi du "iragankor" horrek, berresan zuen.
Printze txikiak galdera bat egin eta, ez zuela sekulan amore ematen erantzuna izan arte.
- "Laster desagertzeko arriskurik ba duela" esan nahi du.
- Ene loreak laster desagertzeko arriskurik ba ote du?
- Jakina.
"Nere lorea iragankorra da, eta Munduaren kontra bere burua defendatzeko lau arantze besterik ez du! Eta nik, ene etxean bakar bakarrik utzi dut".
Bere lehen urriki sentimendua hauxe izan zen. Bainan hala ere kemendu zen.
- Zer bisitatzeko kontseilua ematen didazu zuk? Eskatu zuen.
- Mundua planeta, erantzun zion geografoak. Ospe ona ba dauka harek...
Eta bere lorea gogoan zeukala, joan egin zen printze txikia.
XVI
Beraz, Mundua izan zen zazpigarren planeta. Mundua ez da edozein planeta! Ba dago ehun ta hamaika errege (errege beltzak ahantzi gabe, noski), zazpi mila geografo, bederatziehun tratalari, zazpi milioi ta erdi mozkorti, hiruehun ta hamaika milioi handiuste harro; honek esan nahi du beraz, bi bilioi pertsona nagusi dagoela, guti gora behera.
Munduaren neurriak nolakoak diren ideia bat euki dezazuen, zera esango dizuet: elektrizitate indarra asmatu baino lehen, benetako gau-argi piztaile harmada bat mantendu behar zela sei kontinentetan: laurehun eta hirurogoitabi mila eta bostehun eta hamaika gau-argi piztaile.
Pixkat urrutitik ikusita eragin distiratsu egiten zuen. Harmada honen mugimenduak opera ballet baten bezalakoak eginak ziren. Lehenik Zelanda Berria eta Australiako gau argi edo farola piztaileen txanda zetorren. Gero hauek beren argirioak pizturik lo egitera zihoazten. Orduan Txina eta Siberiako gau argi piztaileak dantzan sartzen ziren. Ondoren beraiek ere nonbait eskutatzen ziren. Geroxeago Errusia eta Indietako gau argi piztaileen txanda zetorren. Ondoan Afrika eta Europakoena. Gero Hego Ameriketakoena. Gero Ipar Ameriketakoena. Eta beren estzenan sartzeko ordenaz ez ziren inoiz oker ibiltzen. Miresgarria zen.
Ipar Poloko argiontzi bakarraren piztailea eta hego Poloko argiontzi bakarraren bere kidea bakarrik, nagikeria eta alferkeriaz bizi ziren: urtean bi aldiz lan egiten zuten.
XVII
Norbaitekin ongi geratu nahi delarik, batzutan gezurttoaren bat esaten dugu. Argiontzi piztaileetaz zuei hitzegiterakoan ez naiz oso zintzo izan. Gure planeta ezagutzen ez dutenei ideia oker edo irudi faltsu bat ematen arriskatzen naiz. Munduan oso leku guti betetzen dute gizonek. Munduan bizi diren bi bilioi biztanleak hertsi hertsirik zutik geratuko balira, mitin batetan bezala, hogoi milatako luzera eta hogoi milatako zabalerako plaza publiko batetan errezki sartuko lirateke. Pazifiko itsasoko irlatxo txikienean ere gizateria osoa sartu ahalko litzateke.
Jakina, pertsona nagusiek ez dizuete sinistuko. Haiek toki anitz daukatela uste dute. Baobak bezain garrantzitsu ikusten dute beren burua. Beraz kalkulua egin dezaten aholkua emango diezue zuek. Beren numeroak maite dituzte biziki: hori gustatuko zaie bai. Bainan zuek ez duzue hortan denborarik galdu behar. Hori alferrikakoa da. Niri egingo didazue konfiatza zuek.
Guziz harritua izan zen printze txikia behin lurraren gainean zegoela, inor ez ikusteaz. Planetaz tronpatu zela beldur zen iadanik, ondarrean ilargi kolorezko erastun bat mugitu zenean.
Printze txikia eta sugea
- Gau on, esan zuen printze txikiak badaezpadan.
- Gau on, esan zuen sugeak.
- Zein planetan eroria naiz ni? galdetu egin zuen printze txikiak.
- Munduan... Afrikan, erantzun zuen sugeak.
- Ah, Munduan ez dago inor beraz?
- Hemen basamortua da. Basamortuetan ez dago inor. Mundua handia da, esan zuen sugeak.
Harri baten gainean eseri zen eta begiak zerurantz altxatu zituen printze txikiak:
- Nik jakin nahi nuke izarrak argituak diren ala ez bakotxak egun batez berea berriz aurkitu ahal izateko. Begira nere planeta; geure gainean bertan dago... Baina ze urrun den!
- Ederra da, esan zuen sugeak, zu zertara zatoz hona?
- Lore batekin problemak ba ditut, printze txikiak esan zuen.
- Ah! egin zuen sugeak.
Eta biak ixildu egin ziren.
- Eta gizonak non dira? Esan zuen azkenean printze txikiak. Bakarrik samar gaude basamortu honetan...
- Pertsonen etxeetan ere bakardadean gaude, esan zuen sugeak.
Luzaz begiratu zion printze txikiak sugeari:
- Zu abere bitxia zara, hatzamar bat bezain argala... Esan zuen azkenean printze txikiak.
- Bainan ni erregeren hatzamarra baino ahaltsuago naiz, sugeak esan zuen. Printze txikiak irri egin zuen.
- Zu ez zara oso ahaltsu... ankarik ere ez duzu, bidaiarik ere ezin egin dezakezu.
- Itsasontzi batek baino urrunago eraman zaitzaket nik, sugeak esan zuen.
Urrezko eskuturreko bat bezala printze txikiaren orkatilan biribilkatu zen. Sugeak esan zuen ere:
- Sortu den lurrera itzularazten dut, neuk hunkitzen dudana. Bainan zu zintzo, garbia zara eta izar batetik zatoz.
Ez zuen deus erantzun printze txikiak.
- Granitozko lur honetan, hain ahul zaren hori, urrikaltzen zaitut. Zure planetako minak baldin bazaude nik egun batez lagun zaitzaket, nik...
- Bai! Oso ondo ulertzen dut, bainan zergatik hitz egiten duzu beti misterioz, igarkizunka.
- Nik denak argitzen ditut, esan zuen sugeak.
Eta biak ixildu ziren.
XVIII
Printze txikiak basamortua igaro zuen eta lore bat baizik ez zuen aurkitu. Hiru petalo zituen, lore kaxkarra...
- Egun on, printze txikiak esan zuen.
- Egun on, loreak.
- Non ote dira gizonak? Printze txikiak eztiki galdetu zuen.
Printze txikia
Egun batez, karabana bat igarotzen ikusi zuen loreak:
- Gizonak? Ene ustez sei edo zazpi ba dira. Dela urte batzu somatu nituen. Bainan ez da inoiz non aurkitzen diren jakiten. Haizeak eramaten ditu. Ez dute errorik. Horrek asko molestatzen ditu gizonak.
- Adio, printze txikiak esan zuen.
- Adio, esan zuen loreak.
XIX
Printze txikiak mendi handi baten igoera egin zuen. Belauneraino iristen zitzaizkion hiru sumendiak ziren, ordu arte ezagutu izan zituen mendi bakarrak. Eta sumendi itzalia, alki bezala erabiltzen zuen.
Guztiz idor, guztiz zorrotz eta zeharo gazi gazia da planeta hau
"Honen bezalako mendi handi batetik, bat batean planeta guzia eta gizon guztiak batera ikusiko ditut..." Bainan haitz orratzak ongi zorrozturik baino ez zuen ezer ikusi.
- Egun on! esan zuen, bada ezpaba
- Egun on ! egun on! egun on! erantzun zuen oihartzunak.
- Nor zara zu? Printze txikiak esan zuen.
- Nor zara zu? nor zara zu? nor zara zu? erantzun zuen oihartzunak.
- Izan zaitezte nere lagun, bakarrik nago, esan zuen.
- Bakarrik nago! bakarrik nago! bakarrik nago! erantzun zuen oihartzunak.
"Hau planeta bitxia! pentsatu zuen orduan. Guztiz idor, guztiz zorrotz eta zeharo gazi gazia da. Eta gizonek ez daukate irudimenik. Esaten zaiena berresaten dute... Ba nuen lore bat ene etxean: beti lehena mintzatzen zen..."
XX
Bainan hondartz, harkaitz eta elurretan zehar luzaz ibili ondoren azkenean errepide bat aurkitu zuela gertatu zen. Eta errepide guziak gizonengana doaz...
- Egun on, esan zuen.
Arrosa lorategi loratsu bat zen.
- Egun on, esan zuten larrosek.
Arrosak
Printze txikiak begiratu zien. Denek bere lorearen antza ba zuten.
- Nor zarete zuek? galdetu zien arras larriturik.
- Gu larrosak gara, larrosek esan zuten.
- Ah! esan zuen printze txikiak.
Oso triste sentitu zen. Bere loreak, unibertsoan bere motako bakarra zela kondatu zion. Eta hona hemen lorategi bakar batetan bost mila ba direla denak elkarren irudi!
"Zeharo gaitzituko litzateke, hau ikusiko balu, esan zuen bere baitan. Estula gogorki eta hil zorian dagoelakoa egingo luke, irrigarriegi ez izatearren. Eta hura zaintzen dudan alegia egin beharko nuke, bestenaz ni ere umiltzeko, bere bizia joaten egiazki utziko bait luke..."
Gero esan zuen baita ere: "Lore bakar bat nuela aberatsa nintzela uste nuen, eta arrosa arrunt bat besterik ez daukat. Hori eta belauneraino iristen zaizkidan sumendiak eta gainera haietariko bat beharbada itzalia betiko. Horrek ez du oso printze handia egiten..." Eta belarrean etzanik negar egin zuen.
Eta belarrean etzanik negar egin zuen
XXI
Orduan azeria ageri zen:
- Egun on, esan zuen azeriak.
- Egun on, erantzun zuen itzuli egin zen baina deus ikusi ez zuen printze txikiak.
- Hementxe nago, sagarrondoaren azpian, abotsak esan zuen.
- Nor zara zu? Oso ederra zara, esan zuen printze txikiak...
- Ni azeri bat naiz, esan zuen azeriak.
- Zatoz nerekin jolastera, proposatu zion printze txikiak. Honen ilun nagoen!...
- Nik ezin dezaket zurekin jolas, esan zuen azeriak. Ez naiz hezia.
- Ah! Parka, esan zuen printze txikiak.
Bainan pentsatu ondoren, gaineratu zuen:
- "Hezi" horrek zer esan nahi du?
- Zu hemengoa ez zara... esan zuen azeriak, zer bilatzen ari zara?
- Gizonak bilatzen ditut, esan zuen printze txikiak. "Hezik" zer esan nahi du?
- Gizonek eskupetak ba dituzte eta ehiztatzen dute. Oso nazkagarri da! Oiloak ere hezten dituzte. Horixe da haien gauza on bakarra. Oilorik bilatzen ari zara? esan zuen azeriak.
- Ez, lagunak bilatzen ditut. Zer esan nahi du "hezik"? esan zuen printze txikiak.
- Gauza ahaztuegia da hori, esan zuen azeriak, "harremanak sortzea" esan nahi du.
- Harremanak sortzea?
- Jakina, esan zuen azeriak. Zu neretzat ehun mila mutiko tipi bezalako mutiko tiki bat besterik ez zara. Eta nik ez zaitut behar. Eta zuk ni ere ez nauzu behar. Ni ehun mila azeri bezalako azeri bat besterik ez naiz zuretzat, bainan zuk hezten banauzu, bakotxak bestearen beharra eukiko du. Munduan bakarra izango zara neretzat. Munduan bakarra izango naiz zuretzat...
- Ulertzen hasia naiz -printze txikiak esan zuen. Ba dago lore bat... uste dut harek hezi nauela...
- Ba liteke... esan zuen azeriak. Munduan edozer gerta daiteke.
- Ez, ez da munduan, esan zuen printze txikiak.
Ehiztaria
Azeria nahasirik zegoen:
- Beste planeta batean?
- Bai
- Planeta horretan ehiztaririk ba al dago?
- Ez.
- Hori interesgarria! Eta oilorik?
- Ez.
- Dena ezin daiteke zuzen izan, esan zuen azeriak zizpuruka.
Azeria bereari itzuli zen:
-Nire bizia beti bera da. Nik oiloak ehiztatzen ditut eta gizonek ni ehiztatzen naute. Oilo guziek elkarren antza dute eta gizon guziek ere elkarren antza dute. Beraz aspertzen naiz pixkat. Bainan zuk hezten banauzu, ene bizia eguzkitsua izanen da. Beste hotsak ez bezalako urrats hots bat ezagutuko dut. Beste urratsek lur azpira sarrarazten naute. Zureak, musikak bezala zulotik kanpora deituko nau. Eta gainera begira! Han gari soroak ikusten dituzu? Nik ez dut ogirik jaten. Gariak ez du ezer balio enetzat. Gari soroek ez didate ezer esaten. Eta hori tristea da! Bainan zuk urre kolorezko ileak dituzu. Zuk heziko nauzuenean zoragarria izango da! Urrezko den gariak zutaz pentsaraziko dit. Eta haizearen hotsa maiatatuko dut...
Printze txikia eta azeria
Azeria ixildu eta luzaz begiratu zion printze txikiari:
- Hezi nazazu! Mesedez! esan zuen.
- Nik nahi nuke, erantzun zuen printze txikiak, bainan ez dut denbora askorik. Aurkitzeko lagun eta ezagutzeko gauza asko ba ditut.
- Hezten diren gauzak bakarrik ezagutzen dira, esan zuen azeriak. Gizonek ez dute deus ezagutzeko astirik. Merkatariek guziz eginiko eta bukaturiko gauzak erosten dituzte gizonek. Bainan lagun edo adixkide merkataririk ez dagoen bezala, gizonek ez dute lagunik. Bat nahi baduzu, hez nazazu!
- Zer egin behar da? Printze txikiak esan zuen.
- Pazientzia handia behar da, esan zuen azeriak. Lehenik neregandik pixkat urrutiago, horrela, belarrean eseriko zara. Nik zeharretara begiratuko dizut eta zuk ez duzu deus esango. Mintzairak nahas mahas eta nahasketak sortzen ditu. Bainan egunetik egunera gero eta hurbilago eseriko zara.
Biharamunean, berriz etorri zen printze txikia.
- Beti ordu berean etortzea hobe da, esan zuen azeriak. Esate baterako, arratsaldeko lauetan bazatoz, hiruak direneko pozik egoten hasiko naiz. Gero eta ordua hurbilago gero eta pozago izango naiz. Lauetan, dagoeneko kezkatu eta urduri izango naiz; zoriontsu izatea zer den aurkituko dut! Baina edonoiz baldin bazatoz... ez dut hortarako neure bihotza prest izango. Zeremonia behar da egin.
- Zer ote da zeremonia bat? esan zuen printze txikiak.
- Ahaztuegi den zer-edo zer da hori ere, azeriak esan zuen. Egun bat besteak ez bezalako izatea, edo ordu bat besteak ez bezalako izatea egiten duena da. Esate baterako ehiztariek ohitura zahar bat ba dute. Ostegunero herriko neskatilekin dantzatzen dute. Horregatik osteguna egun zoragarria da! Ni mahastiraino paseatzen noa. Eta ehiztariek edonoiz dantzatuko balute, egunak denak berdinak izanen lirateke eta nik ez nuke oporrarik eukiko.
Horrela printze txikiak azeria hezi zuen. Eta joateko ordua hurbil izan zenean:
- Ah! esan zuen azeriak, negar egingo dut!
- Zure falta da, esan zuen printze txikiak. Nik ez nuen zu mintzea nahi; bainan nik hez zaitzadan nahi izan duzu...
- Jakina, esan zuen azeriak.
- Bainan negar egingo duzu? Printze txikiak esan zuen.
- Jakina, esan zuen azeriak.
- Beraz ez duzu ezer irabazten!
- Bai irabazten dudala, gariaren kolorearengatik, esan zuen azeriak.
Azeria eta garia
Ondoren gaineratu zuen:
- Zoaz loreen ikustera. Zurea munduan bakarra dela ulertuko duzu. Gero adio esatera etorriko natzaizu eta nik sekretu bat eskainiko dizut opari gisa.
Printze txikia larrosen ikustera joan zen.
- Zuek ez zarete ene larrosa bezalakoak, zuek ez zarete ezer oraindik, esan zien. Inork ez zaituzte hezi eta zuek ez duzue inor hezi. Zuek nere azeria zen bezala zarete. Beste mila azeri bezalakoa zen, besterik ez. Bainan nere lagun bihurtu dut eta orain bakarra da munduan.
Larrosei ez zitzaizkien atsegin hitz horiek.
- Zuek ederrak huts-hutsik zarete, esan zien ere. Zuengatik ezin hil daiteke. Ibiltari arrunt batek, neure arrosak zuen antza daukala uste izango du noski, bainan bera bakarrik zuek denak baino inportanteago da, nik ureztatu dudana bera bait da. Aterbean ezarri dudana hura bait da. Atordez babestu dudana hura bait da. Beldarrak hil dizkiodana (mitxeletentzat bizpahiruak salbu) hura bait da. Entzun ditudan kezkak edo harrokeriak, eta isilguneak ere, harenak bait dira. Ene larrosa bait da hura.
Eta azeriengana etorri zen:
- Adio, esan zion...
- Adio, esan zuen azeriak. Hona hemen nere sekretua. Oso sinplea da: bihotzez besterik ez da ongi ikusten. Begientzat, mamizkoa ikustezina da.
- Begientzat mamizkoa ikustezina da, printze txikiak berresan zuen hartaz oroitzeko.
- Arrosa hain inportantea da zuretzat harekin galdu duzun denboragatik.
- Nire arrosarekin galdu dudan denbora... esan zuen printze txikiak, hartaz oroitzeko.
- Gizonek egia hau ahaztu dute, esan zuen azeriak. Bainan zuk ez duzu ahaztu behar. Zuk hezitu duzunaren betiko arduraduna bilakatzen zara. Zure larrosaren arduraduna zu zeu zara.
- Ni neure larrosaren arduraduna naiz, printze txikiak esan zuen hartaz oroitzeko.
XXII
- Egun on, esan zuen printze txikiak. 
- Egun on zuri, esan zuen orratzainak.
- Zer egiten ari zara hemen, esan zuen printze txikiak.
- Bidaiariak milako multzoka bereizten ditut, esan zuen orratzainak. Bidaiariak dakarzkiten trenak batzutan eskuinerantz bestetan eskerrerantz igortzen ditut. 
Eta tren arin diztiratsu batek, trumoiak bezala burrunbatuz, orratzainaren etxetxoa dardarazi zuen.
- Oso presaka dabiltza horiek, esan zuen printze txikiak, zeren bila dabiltza? 
- Lokomotoreko gizonak berak ez daki ere. Orratzainak esan zuen.
Eta bigarren tren arin diztiratsu batek burrunba egin zuen alderantzizko zentzuan. 
- Zer, iadanik ba datoz berriz? galdetu zuen printze txikiak.
- Ez dira berberak, esan zuen orratzainak, aldaketa bat da. 
- Zeuden lekuan, ez zeuden pozik ala?
- Gauden lekuan ez gaude inoiz pozik, esan zuen orratzainak. 
Eta hirugarren tren arin diztiratsu baten trumoiak burrunba egin zuen. 
- Lehendabiziko bidaiariei jarraikitzen diete ala? Galdetu zuen printze txikiak.
- Ez, ez diote inori ere jarraikitzen, esan zuen orratzainak. Hor barruan lo egiten ari, edo aharrausika ari dira. Haurrek bakarrik beren sudurra zapatzen dute, lehioen kontra. 
- Haurrek bakarrik ba dakite zer bilatzen duten, esan zuen printze txikiak. Trapu panpina batengatik galtzen dute denbora, eta oso inportantea bilakatzen da, eta kentzen baldin bazaie negar egiten dute...
- Zoria badute, esan zuen orratzainak.
XXIII
- Egun on, esan zuen printze txikiak. 
- Halan ekarri, esan zuen merkatariak. 
Egarri asetzen zuten pildora hobekituen merkataria zen. Astean bat irensten da eta ez da edateko behar gehiagorik eukiten. 
- Zergatik saltzen duzu hori? Printze txikiak esan zuen. 
- Denbora ekonomia handia da, esan zuen merkatalariak. Espertoek kalkuloak egin dituzte. Asteko berrogoita-hamairu minutu aurrezten da. 
- Eta berrogoita-hamahiru minutu horiekin zer egiten da? 
- Nahi dena egiten da...
"Nik berrogoita-hamahiru minutu banu, iturri batetarantz eztiki ibiliko nintzateke..." esan zuen printze txikiak bere baitan.
Printze txikia
XXIV
Basamortuan, ene aberiaren zortzigarren egunean geunden gu, eta merkatarien historioa entzun nuen nere ur horniduraren azken ttanttoa edanez.
- Ah! esan nion printze txikiari, oso politak dira zure historioak bainan nik ez dut oraindik nere hegazkina konpondu, ez dut edatekorik, eta biziki pozik nintzateke neu ere, iturri batetarantz emeki emeki banindoa! 
- Ene adixkide azeriak, esan zidan...
- Nere gizontto hori, ez da azeriaren arazoa!
- Zergatik?
- Egarriz hilko garelako...
Ez zuen nere arrazonamendua ulertu eta erantzun zidan:
- Nahiz hiltzera goazen, adixkide bat eukitzea ongi dago, lagun bat euki izateaz oso pozik nago.
"Ez du arriskua neurtzen, esan nion neure buruari. Ez da inoiz ez egarri ez eta gose ere. Eguzki apur bat nahiko zaio..."
Bainan begiratu zidan eta ene pentsaketari erantzun zion:
- Egarri naiz ni ere... bila dezagun putzu bat...
Etsipen une bat ukan nuen: basamortuaren handitasunean putzu bat, hola, menturaz bilatzea zentzugabea da. Hala ere ibiltzen hasi ginen. 
Ilundu egin zen eta ixilik ordu batzuz ibili ondoren izarrak argitzen hasi ziren. Egarriarengatik sukarra bait nuen, ametsetan bezala ikusten nituen. Printze txikiaren hitzak ene buruan dantzaten ari ziren. 
- Zu ere egarri zara ez? galdetu nion.
Bainan ez zidan ene galdera erantzun. Zera esan zidan bakarrik. 
- Ura ere izan daiteke on bihotzarentzat...
Ez nion bere erantzuna ulertu; hala ere ixildu nintzen... Nik banekien ongixko, ez zitzaiola galdetu behar. 
Nekatua zegoen. Eseri egin zen. Ni haren ondoan eseri nintzen. Eta ixilgune bat pasa ondoren berriz esan zuen:
- Izarrak ederrak dira, ikusten ez den lore batengatik...
"Jakina" erantzun nuen eta hitz egin gabe ilargiaren ondar tolesturak begiratzen nituen. 
- Basamortua ederra da, gaineratu zuen.
Eta egia zen. Niri beti gustatu zait basamortua. Ondar duna batetan eserita zaude. Ez duzu ezer ikusten. Ez duzu deus entzuten. Zerbaitek ixilean distiratzen du ordea...
- Basamortua edertzen duena zera da, putzu bat gordetzen duela nonbait...
Ondarraren distira misterios hura bat batean ulertu nuenean harritu nintzen. Haur nintzenean etxe zahar batetan bizi nintzen, eta legendak altxor bat barnean gorderik zegoela esaten zuen. Inork ez du aurkitu ahal izan noski eta ba daiteke ere inork ez duela bilatu izan. Bainan etxe guzia sorgintzen zuen. Ene etxeak bere bihotzaren hondoan sekreto bat gordetzen zuen...
- Bai, esan nion printze txikiari, nahiz etxe, nahiz izar edo basamortu, gauzen edertasuna egiten duena ikustezina da!
- Pozik nago ene azeriarekin ados izan zaitezen, esan zuen. 
Printze txikia lokartu zenez, ene besoetan hartu eta bidea segitu nuen. Hunkitua nintzen. Altxor ahul bat neramala iruditzen zitzaidan. Mundu guzian hura baino ahulagorik ez zela ere iruditzen zitzaidan. Ilargiaren argiaz bere bekoki zurbil hori, bere begi hertsi horiek haizean dardara ziren ile adats horiek begiratzen nituen, eta nirekiko esan nuen: "azala bat baizik ez da ikusten dudan hau, inportantena ikustezina da... "
Bere ezpain erdi zabaletatik irrino erdi bat agertzen hasia zenez neure buruari esan nion: "Lo dagoen printze txiki honengan gehien hunkitzen nauena da, lore bati dion zintzotasuna; lo dagoela ere larrosaren irudiak, lanpara bateko garrak bezala dirdiratzen du harengan. Eta oraindik ahulago somatzen nuen. Lanparak ongi zaindu egin behar dira: haize bala batek itzal ditzake... Eta horrela ibiliz, egunsentian aurkitu nuen putzua.
Irri egin zuen, soka hunkitu zuen eta txirrita ibil arazi zuen.
XXV
- Gizonak, esan zuen printze txikiak, ur arriskutsutan sartzen dira, bainan ez dakite zer bilatzen duten. Orduan urduritzen dira eta itzuli mitzulika ibiltzen dira. . . 
Eta gaineratu zuen:
- Ez du merezi...
Aurkitutako putzuak ez zeukan Saharako putzu antzarik. Saharako putzuak ondarrean eginiko zulo sinpleak dira. Honetxek herri txiki bateko putzuen antza zeukan; bainan ez zegoen inongo herririk, ametsetan nintzela uste nuen. 
- Bitxi da, esan nion printze txikiari, dena dago prest: txirrika, treska eta soka...
Irri egin zuen, soka hunkitu eta txirrikari eragin zion. Haizeak luzaz lo egin duenean haizorratz zahar batek intzirrika egiten duen bezalaxe intzirrika hasi zen txirrika. 
Irri egin zuen, soka hunkitu zuen, eta txirrita ibil arazi zuen
- Entzuten ahal duzu, esan zuen printze txikiak, geuk putzu hau iratzartzen dugu eta kantatzen du...
Nik ez nuen nahi ahalegin gogorrik egin zezan:
- Utz iezadazu niri egiten, astunegia da zuretzat, esan nion. 
Putzuloraino jaso nuen ontzia emeki. Zutik ezarri nuen, finko. Belarrietan txirrikaren kantuak irauten zidan, eta oraindik dardaraka zegoen uretan eguzkiaren dardara ikusten nuen. 
- Ur honen egarri naiz, emaidazu edaten, esan zuen printze txikiak. 
Eta orduan zer bilatzen zuen ulertu nuen!
Ontzia bere ezpanetaraino altxatu nuen. Begiak itxirik edan zuen. Pesta bezain goxo zen. Elikagai ez ezik, beste zerbait gehiago zen ur hura. Neure besoen ahaleginak sortua, txirrikaren kantuak sortua, izarretan zehar ibilbideak sortua. Bihotzarentzako ona zen, opari bat bezala. Haur nintzenean, Eguberriko arbolaren argiak, gauerdiko mezaren musika eta irriparren goxoa ziren eskaintzen zidaten opariaren dirdir biziena. 
- Zure planetako gizonek lorategi berean bost mila arrosa hazten dituzte... eta bilatzen dutena ez dute atxematen, esan zuen printze txikiak. 
- Ez, ez dute atxematen, erantzun nion. 
- Eta bilatzen dutena ordea, larrosa bakar batetan edo ur apur batetan aurki liteke...
- Jakina erantzun nion. 
Eta printze txikiak erantsi zuen:
- Bainan begiak itsuak dira, bihotzez bilatu behar da.
Edan nuen, eta gero arnas hartu nuen. Ondarrak, egun sentian eztiaren kolorea du. Ezti kolore honetaz ere pozik nengoen. Zergatik penaturik egon behar nezakeen...
- Zure promesa bete behar duzu, esan zidan eztiki, berriz neure ondoan eseri zen printze txikiak.
- Zein promesa?
- Zera, ba dakizu bai... Neure arkumearentzako musuko bat... ni neu naiz lore honen arduraduna!
Sakelatik nere marraztekoak atera nituen. Printze txikiak somatu zituen eta irriz esan zuen:
- Zure baobek ba daukate aza itxura bat!
- Oh!
Baobetaz hain harro nintzela ni eta...! 
- Zure azeria... haren belarriek... adarrak ematen dute... eta luzeegiak dira!
Eta berriz irri egin zuen.
- Zuzen gabea zara gizontto hori, boa irekiak eta boa hetsiak baizik ez nekien marrazten. 
- Ba! Nahiko izango da, haurrek ba dakite, esan zuen. 
Musuko bat marraztu nuen orduan, eta bihotza hertsi zitzaidan hura eman nionean:
- Nik ez dakizkidan projektuak dituzu...
Bainan ez zidan erantzun. Zera esan zidan:
- Ba dakizu... Mundura erori nintzenetik urte urrena bihar izango da...
Gero, ixilgune baten ondoren, esan zuen berriz:
- Hemendik oso hurbil erori nintzen...
Eta gorritu egin zen.
Berriz, zergatik ulertu gabe, bihotz min bitxi bat jasaten nuen. Hala ere galdera bat etorri zitzaidan: 
- Orduan ez da txiripaz edozein bizi tokitatik mila milatara bakar bakarrik bazenbiltzan, orain dela zortzi egun, ezagutu zintudan goiz hartan? Zure erorketaren lekurantza itzuli bidean? 
Printze txikia gero eta gorriago.
Eta zalantzaz erantsi nuen:
- Urteurrenarengatik ote daiteke?
Gorritu egin zen berriz printze txikia. Ez zien inoiz galdereei erantzuten.
Bainan norbait gorritzen denean... "bai" esan nahi du, ez da? 
- Ah! beldur naiz, esan nion.
Bainan erantzun zidan:
- Zuk orain lan egin behar duzu. Zeure tresnarantz itzuli behar duzu. Hemen itxarotuko zaitut. Etor zaitez bihar. 
Bainan ez nintzen segur. Azeriaz oroitu nintzen. Norbaitek hez gaitzala onartuz geroz, negar egiteko arriskutan egoten gara.
XXVI
Putzuaren ondoan, harrizko murru baten hondamena zegoen. Biharamunean iluntzean lanetik itzuli nintzenean, nere printze txikia han gainean eserita, ankak zintzilika, urrundik somatu nuen. Eta hitz egiten entzun nion:
- Ez zara beraz oroitzen. Ez da arras hemen berean!
Beste abots batek erantzun bide zion printze txikiari, harek esan bait zuen:
- Bai, bai, gaur da eguna, bainan lekua ez da hemen...
Mururantzako bidea segitu nuen. Ez nuen oraindik inor entzuten, ez eta inor ikusten ere. Hala ere printze txikiak esan zuen berriz:
- Jakina. Nere oinhatza non hasten den ikusiko duzu ondarrean. Ni itxaron besterik, ez duzu egin behar. Gau honetan han izango naiz.
Murrutik hogoi metrotara nengoen eta ez nuen oraindik ezer ikusten.
Ixilgune bat eta, esan zuen berriz:
- Pozoin ona ba duzu? Ez didazula luzaz sufriaraziko segur al zaude?
Gelditu nintzen bihotz larri, bainan ez nuen oraindik deus ulertzen.
- Zoaz orain! esan zuen, jetsi nahi dut.
Printze txikia eta sugea
Orduan neuk murru azpirantz behititu nituen begiak eta jauzi bat egin nuen! Han zegoen, printze txikiarenganantz tente, ogoita hamar segundutan hiltzen zaituen horietariko suge ori bat. Ene pistola ateratzeko sakela miatuz, lasterka hasi nintzen; bainan zarata egin nuenenz, sugea ondarrean ixuritu eta hondatu zen, emeki ahitzen den ur txirrio bezala, presarik gabe, metalezko zarata arin batez, eta harrien  artean abilki izkutatu zen.
Printzea neure besoetan hartzeko ozta-ozta iritsi nintzen mururaino
Elurra bezain zuria zegoen, gaixo gizontxoa.
- Zer arraio da historio hori! Orain sugeekin hitz egiten duzu!
Bere betiko urrezko tapaukia deslotu nion. Lokiak bustitu eta edan arazi nion.
Ez nintzen deus galdegitera ausartzen. Serioski begiratzen nion eta bere besoaz lepoa inguratu zidan. Eskupetaz zauritutako hiltzen ari den txori baten bihotza bezala sentitzen nituen haren bihotzaren taupadak. Eta esan zidan:
- Zure tresnari faltatzen zitzaiona aurkitu duzu eta pozik nago. Etxera joan ahalko zara.
- Nola dakizu zuk?
Nere lanaren bukatzea lortu nuela esatera nindoakion, hain zuzen!
Ez zion ene galderari erantzun. Bainan erantsi zuen:
- Ni ere gaur etxera noa...
Gero goibel.
- Askoz urrunago... askoz zailago da...
Zerbait harrigarri gertatzen ari zela somatu nuen. Haur txiki bat bezala besakartu nuen: hala ere, leize batetan, bertikalki hondoratzen ari zela iruditzen zitzaidan, eta nik ezin nezakeela atxiki.
Begirada seriosa zeukan oso urrunean galdua.
- Zure aurkumea ba dut, eta arkumearentzako kutxa ba dut, eta musukoa ere ba dut.
Tristuraz irripar egin zuen.
Luzaz itxaron nuen. Apurka apurka berotzen zela nabaritu nuen:
- Gizontxo, beldurtu izan zara?
Jakina beldurtu izan zela! Bainan eztiki irri egin zuen:
- Gau honetan askoz beldurrago izango naiz...
Konponezinaren sentimenduarengatik izozturik sentitu nintzen berriz. Eta irri horren inoiz ez berriz entzutearen ideia ezin nuela jasan ulertu nuen. Enetzat basamortuan iturria bezala zen.
- Gizontxo txikia zure irria entzun nahi nuke berriz...
Bainan esan zidan:
- Gau honetan urte bat beteko da. Iaz erori nintzen leku berearen gainean egongo da neure izarra.
- Gizontxoa. Sugearen historioa eta izarraren aurkitzearena ez ote dira amets gaizto bat izango?
Bainan ez zion ene galderari erantzun. Esan zidan:
- Ez da ikusten... hori da inportantena...
- Jakina...
- Loreaz berdintsu da gertatzen da. Izar batean dagoen lorea maite baduzu, goxo da gauaz zeruari so egotea. Izar guztiak loratan...
- Jakina...
- Eta uraz ere berdin. Edatera eman didazuna txirrikarengatik eta sokarengatik... musika bezala zen... oroitzen zara... ona zen.
- Noski.
- Gauez izarrei begiratuko diezu. Nerea txikiegia da non dagoen erakus diezazudan. Hobe horrela. Izarretatik edozein bat izango da zuretzat neure izarra. Orduan izar guziei begiratzea atsegingo duzu... Denak zure adixkideak izango dira. Gainera opari bat egingo dizut.
Berriro irri egin zuen.
- Ah! Gizontxo hori! Nola gustatzen zaidan irri hori entzutea!
- Horixe izango da ene oparia... ura bezala izango da.
- Zer esan nahi duzu?
- Jende guztientzat izarrak ez dira gauza bera. Bidarientzat gidari dira izarrak. Beste batzuentzat argi txikiak baizik ez dira. Jakintsu diren beste batzuentzat problemak ziren, tratantearentzat urrezkoak dira. Bainan izar guzi horiek ixilik daude. Inork ez dituen bezalakoak izango dituzu zuk...
- Zer esan nahi duzu?
- Gauez zeruari begiratuko diozunean, haietariko batetan ni biziko naizenez eta haietariko batetan nik irri egingo dudanez, izar guziek zuri irri egingo balizute bezala izango da. Irri egiten dakiten izarrak izango dituzu!
Eta berriro irri egin zuen.
- Eta kontsolatua izango zarenean (beti kontsolatzen gara) nire ezagutzeak kontent izango zara. Beti nere adixkidea izango zara. Nerekin batera irri egiteko gogoa eukiko duzu. Eta batzutan... leihoa, horrela, plazerrez zabalduko duzu. Eta zure lagunak, zeruari begira irriz ari zarela ikusiko zaituztenean oso harrituak izango dira. Orduan esango diezu: "Bai, izarrek beti irri eginarazten didate!" Eta erotzat hartuko zaituzte. Horixe bai jokutria, neuk egingo dizudana!
Berriz irri egin zuen.
- Izarren ordez kaskabil barretsuak eman banizkizun bezala izango da...
Berriz irri egin zuen. Ondoren seriosa bihurtu zen:
- Gau honetan... Ba dakizu... Ez etor...
- Nik ez zaitut utziko.
- Min naizela irudituko zaizu, hil zorian naizela. Hola da. Ez duzu hori ikusi behar, ez du balio...
- Ez zaitut utziko.
Bainan kezkatua zegoen.
- Sugearengatik ere... esaten dizut. Kosk egin ez diezazun, batez ere... Gaiztoak dira sugeak. Funtsik gabe ere kosk egitea gustatzen zaie.
- Ez zaitut utziko.
Bainan zerbaitek lasaitu zuen printze txikia.
-Egia da bigarren koskarako, ez dutela pozoi gehiagorik...
Printze txikia
Gau hartan, ez nuen bidean abiatzen ikusi. Zaratarik gabe ihes egin zuen. Harenganaino heldu nintzenean, oso erabakirik aurkitu nuen, urrats azkarrez zebilen.
Bakarrik esan zidan:
- Ah! hemen zaude zu...
Eta eskutik heldu zidan. Bainan berriz kezkatu zen:
- Oker zaude. Bihotz min izango zara. Hil antza hartuko dut eta ez da egia izango.
Ni ixilik nengoen.
- Ulertu behar duzu, urrunegi dago. Ezin dezaket gorputz hau eraman. Astunegia da.
Ni ixilik.
- Bainan azal zahar utzia bezala izango da. Azal zaharrak... ez dira tristeak...
Ni ixilik.
Etsitu zen pixkat. Bainan berriz kemen bat egin zuen:
- Ba dakizu, goxo izango da. Neuk ere izarrei begiratuko diet. Txirrika herdoilduta duten putzuak izango dira izar guztiak. Izar guziek edatera emango didate...
Ni ixilik.
- Loriagarria izango da! Zuk bostehun milioi kaskabil izango dituzu. Nik, berriz, bostehun milioi iturri izango ditut...
Eta hura ere ixildu zen, negarrez ari zelako...
- Hementxe da, utz nazazu urrats bat neuk bakarrik ematen.
Eta eseri zen beldur zelako.
- Esan zuen ere:
Printze txikia
- Ba dakizu... ene lorearen... ni neu naiz haren arduraduna! Hain ahula den! Eta hain gixakoa da. Mundu guziaren kontra bere burua defendatzeko lau arantza kazkar besterik ez du...
Zutik ezin egon nintekeen eta eseri egin nintzen. Esan zuen:
-Horixe... Besterik ez, dena da.
Pixka batez zalantzan egon eta zutitu zen. Urrats bat egin zuen.
Printze txikia
Ni ezin mugituz nengoen.
Bere orkatilaren ondoan tximist hori bat besterik ez. Geldirik geratu zen une batez. Ez zuen oihukatu. Arbola erortzen den bezala, eztiki erori zen. Ondarrarengatik ez zuen zaratarik ere egin.
XXVII
Orain jakina, iadanik sei urte dela... Ez dut oraindik inoiz historio hau kontatu. Berriro ikusi ninduten lagunak txit alai zeuden, neu bizirik ikusteaz. Ni ilun nengoen bainan beti esaten nien: "Nekatuta nago eta..."
Apur bat kontsolaturik nago orain. Ez hainbeste... esan nahi dut. Bainan ba dakit bere planetara itzuli dela, zeren eta biharamun egunsentian bere gorpua ez bait nuen aurkitu. Ez zen hain gorpu astuna... Eta gauez izarren entzutea atsegina zait. Bostehun milioi kaskabil bezalaxe da...
Bainan non eta, zer edo zer apartekoa gertatzen den. Printze txikiarentzat marraztu dudan musukoari larruzko hedea egitea ahaztu zitzaidan. Arkumea orduan lotu ezinik gelditu zatekeen. Orduan ene baitan diot: "Zer gertatu ote den bere planetan? Behar bada arkumeak jan egin du lorea..."
Nire buruari diotsat batzutan: "Seguraski ez! Gauero kristalezko aterbean gordetzen du bere lorea, eta gainera ongi zaintzen du bere arkumea..."
Hori dela eta pozik nago. Eta izar orok irri egiten dute eztiki.
Beste batzutan diotsat nere buruari: "Noizean behin ahaztu egin liteke, eta nahikoa da gau batez bere kristalezko aterbea ez jartzea, edota gauez arkumea ixilka irten liteke...". Kaskabilak orduan malkoak bihurtzen dira...!
Hau bai misterio handia. Zuentzat, printze txikia maite duzuenentzat, neuretzat bezala, unibertsu guztia aldatzen da, nonbait, ez dakigu non, ezagutzen ez dugun arkume batek arrosa bat jaten badu...
Begira ezaiozue zeruari. Galde ezaiozue zeuen buruari: Arkumeak jan al du lorea, bai ala ez? Eta ikusiko duzue nola dena aldatzen den...
Honek duen garrantzi haundia ez dute pertsona nagusiek sekula ulertuko!
Printze kxikia
Hauxe da neretzat munduko paisaia ederrena eta tristeena. Aurreko orrialdeko paisaia ber-bera duzue, baina berriz marrazkitu dut zuei ondo erakusteko. Printze txikia hementxe agertu zen lehenengoz lur azalean, eta hementxe desagertu gero. Begira iezaiozue arretaz paisaia honi, egun batez Afrikako basamortura joaten baldin bazarete ezagutuko duzuela zihur izateko. Sekula hortik pasatzen bazarete, ez arin ibil, otoi, egon zaitezkete istant bat izarraren pean! Haur bat hurbiltzen baldin bazaizue, irri egiten badizue, urrezko ileak baldin baditu eta zuen galderei ez ba die erantzunik ematen, berehala igarriko duzuen nor den. Eta zintzo izan zaitezte! Ez nazazuen luzagoz tristerik utz: idatz iezadazue lehen bait lehen, berriz itzuli dela jakin arazteko...
 
AMAIERA
Tvé hlasování: Žádná Průměr: 2.7 (3 hlasy)